Ahuntzak

Ahuntzak etxekotutako animalia antzinakoenen multzoan zeuden, Ilgora emankorreko zibilizazioetan. Hala ere, zenbait espezie basati bizi izan ziren inguruan.

Ahuntzak ez ziren Asiriako erregeek gehien bilatutako piezak, beste animalia-espezie basatiago batzuk zituztelako helburu. Dena dela, bi basahuntz izan zituzten gustuko, eta irudikapen artistikoetan agertzen dira: Asiako basahuntza eta Kaukasoko tura.

Lehenengoa Zagro mendien inguruan bizi zen, eta hazkuntza-marka horizontaldun adar zorrotzak zituen. Bigarrena, bere izenak adierazten duenez, Kaukasokoa zen, eta bi adar zituen irudikapenetan: atzerantz kurbatutakoa eta aurrerantz kurbatutakoa. Baliabide plastikoa zen, animalia horren adarrak kanporantz eta aurkako norabideetan kurbatzen direla adierazteko.

Adarzabalak

Adarzabalak, oreinak eta gazelak errege asiriarren harrapakin gogokoenak izan ziren. Artean sarritan irudikatutako adarzabal persiarra Eufrates ibaiaren bazterrean bizi izan zen, baita inperioko mendebalderagoko lurretan ere. Adarzabala datil-palmondoekin lotzen da beti. Arte asiriarrean natura eta paisaia esangura sinbolikoaz erabiltzen direla eta palmondoak Mesopotamiako eskualdekoak zirela kontuan hartuta, agerikoa da adarzabala inguru hartako lurralde zabaletan bizi behar izan zela.

Espezieak basatiak -eta halakoxea zen adarzabala- inperioko erdigunekoak bertakoak ez zirenak, zeresan handia eduki zuten arlo politiko nahiz kulturalean.

Antilopeak

Antzinako Asiriako erregeek menperatzen zituzten lurraldeetan antilope espezie ugari zeuden. Hauen artean, ehizarako gutiziatuagoak adarzabalak ziren, baina irudikapen artistikoei begiratuz ez ziren bakarrak.

Erregeek antilopeak irrikatzen zituzten. Beste belarjale batzuekin gertatzen zen moduan, bereziki haien abiadura aintzat hartzen zen. Ehiza egiteko erabiltzen ziren gurdi eta artzakurrak ez ziren antilopeen lehiakide arrapaladan. Hortaz, erregeek txakurren iraupena eta indarra hegazti harraparien abiadurarekin bateratu zituzten antilopeak ehizatzeko. Batzuetan, hegazti harraparien ordez etxekotutako gepardoak erabiltzen ziren.

Teknika honen bidez, hegazti harrapariek, gainetik hegal eginez, ehizakia lehorreko jarraitzailerantz bideratzen zuten. Berarengana iristen zirenean lehenik zauritzen zuten eta gero hiltzen zuten.

Basastoak

Basastoak edo onagroak espezie arrunt bezain ugaria izan ziren Mesopotamiako lurretan. Oso basatiak eta odolberoak zirenez, ez ziren batere egokiak etxekotzeko. Horrez gain, oso arriskutsuak ere baziren uztetarako. Onagro-taldeak hiltzea onuragarria zen ikuspuntu ekonomikotik, baina, aldi berean, janari-iturri nagusietakoa ere bazen antzinako asiriarrentzat.

Halaber, basastoen ehiza eliteen kiroltzat ere hartu ohi zen. Zenbait eratara harrapatu zitezkeen: arruntenak arkua zein geziak eta lazoa ziren. Bi prozedurak animalia zauritzeko eta geldiarazteko erabiltzen ziren. Gero, lantzaz edo ezpataz hiltzen ziren.

Ehizaldietako eszenen erliebe asiriarretan, basastoak edo onagroak irudikatzen dira sarritan. Ondo egiaztatuta dago Elameko lurretan bizi zirela, Asiriako lurraldeko hego-mendebaldean. Baliteke erliebeetan agertutako ehizaldiak Asiriak eremu hori konkistatu bitartean eta ondoren garatu izana.

Eperrak

Hemen aipatutako gainerako animaliak ez bezala, eperrak jateko baino ez ziren harrapatzen.

Oso espezie arrunta izan zen Antzinako Asirian, eta garai hartako zigilu nahiz erliebeetan irudikatzen da.

Gazelak

Antzinaroko laurogeita hamar antilope-espezieen artean, artista asiriarrek gehien irudikatu zituztenetakoa izan zen gazela. Irudietan, ese formako adar luzeak izan ziren beren ezaugarri bereizgarri nagusia.

Belarjaleen ehiza ez zen mehatxu handia antzinako errege asiriarrentzat. Hala ere, erronka handia zen, oso azkarrak ziren-eta. Gurdiaren aurreko aldean zihoan arkulariak zinez trebea izan behar zuen gazelaren azkartasunari aurre egin ahal izateko, non eta haren habitat naturalean, gainera.

Errege asiriarrek herrialdeko hego-mendebaldeko lurraldeetarako espedizio militarretan gazelak harrapatzeko ohitura zuten, bertan oso ugariak ziren-eta. Horregatik, Elameko lurren gaineko errege-boterearen erakusgarri izan zen gazelaren ehiza.

Lehoiak

Lehoia errege asiriarren ehizaldietako harrapakin nagusia izan zen. Bere harrapaketa sekulako erritua zen, eta horrek berretsi egiten zuen erregeak inperioaren menpeko lurralde guztietan zeukan boterea. Gurdian zihoan erregeak lehoia harrapatzen zuen, eta kaiolatik bere aurrera eramaten zuten, ondo baino hobeto kontrolatutako inguruan. Muinoetan, arriskutik kanpo, herritarrak pilatzen ziren, eta, ikus-entzule moduan, egintzaren mezu sinbolikoa osatzen zuten.

Oreinak

Oreinak Zagro, Tauro eta Elbruz mendien inguruko baso trinkoetan bizi izan ziren. Sargon II.a erregeak Zagroetako eskualdean egindako kanpaina militarretan, herri asiriarra animalia horiekin jarri zen harremanetan. Harrezkero, beraz, inperioko gunetik urrun zeuden lurraldeen gaineko menperatze politikoaren eta konkista militarraren adierazgarri izan ziren.

Errege asiriarrek oreinak zituzten euren animalia-erreserba pribatuetan, paradisuetan, alegia. Esate baterako, jakin badakigu Asurbanipalek oreinak harrapatu zituela bere parkeetarako, eta, aldi berean, bete-betean parte hartu zuela animalia horien jazarpenean eta ehizan, urruneko mendi basotsuetan.

Ostrukak

Ostrukak animalia exotikoak izan ziren, eta ez ziren oso arruntak Asiriako lurraldean. Hori dela-eta, erregeen harrapakin gustukoenetakoak izan ziren, hegaztien arloan.

Antzinako iturrietan, argi adierazten da Asiriako Asurnasirpal II.a erregeak 450 lehoi, 390 zezen basati eta 200 ostruka hil zituela.

Horrez gain, ostrukek esangura sinboliko sakona izan zuten mundu asiriarrean. Horregatik, garai hartako zenbait irudikapenetan agertzen dira. Ostrukak grifoaren, heriotzaren adierazgarriaren, baliokide lurtarra direla esan daiteke.

Uroak

Gaur egungo zezenaren arbaso basatia ere errege asiriarrek antolatutako ehizaldietako helburua zen. Suharra eta indartsua zenez, harrapakin ezin egokiagoa zen, erregeak naturako indarrak menperatzen zituela eta nagusi zela berresteko.

Antza denez, azken gobernari asiriarrek oso gustuko zituzten uroak. Garaiko kroniken arabera, Niniveko erregeek uroak harrapatzeko zuten zaletasunaren ondorioz, espeziea betiko desagertu zen eskualdean.