Belatza

Belatzak ohiko maskotak ez baziren ere, zenbait noblek tratu berezia eman zieten, eta gogoenak euren logeletan ere geratzen ziren.

Belatzak ugaztun eta hegazti txikien harrapariak ziren, eta erraz etxekotzen ziren. Hori lortzeko, helduak zirenean harrapatu behar zituzten, zeren eta, kumeak errazago etxekotzen baziren ere, oraindik ez zuten ehizan ikasi. Emeak, hain zuzen ere, oso preziatuak ziren, arrak baino ehiztari hobeak zirelako.

Falkoneria nobleen kirola zen, belatzen entrenamendua eta mantenua dirudunek bakarrik ordaindu zitzaketelako. Frantzian eta Italian oso jarduera ospetsua izan zen, bertan ugaztun txiki asko daudelako, seguruenik. Horrez gain, emakumeek gustukoen zuten ehiza-mota ere bazen, betiere, behar besteko indarra bazuten hegaztia eskuan hartu eta zaldi gainean ibiltzeko.

Hudoak eta erbinudeak

Untxiek edo katuek bezalaxe, ugaztun txiki hauek eginkizun osagarriak izan zituzten, maskotak izateaz gain. Bi espezieak untxiak harrapatzeko erabiltzen zituzten. Hudoak eta erbinudeak aske uzten zituzten, harrapakinen atzetik joan zitezen eta horretarako jarritako sareetan eror zitezen.

Bestetik, belatzak bezala, emakumeak ziren gehien zerabiltzatenak. Maskotak baino ez zirenean, idunekoak eta kateak jartzen zizkieten urtxintxei bezala. Edonola ere, ez ziren ohiko maskotak. Kroniken arabera, Gaztelako Alfontso X.ak oso erbinude maitatua izan zuen, eta kantiga ere eskaini zion.

Katuak

Badirudi katuak etxean geratu zirela, baina, batez ere, karraskariak uxatzeko. Nolanahi ere, Erdi Aroaren amaieran-edo, luxuzko maskota ere bihurtu ziren batzuk. Hala ere, askotan, bigarren eginkizun hori garatzen jarraitu zuten, ehiztariena, alegia.

Maskota moduan, katuak etxe barruan zeuden beti. Oso animalia egokiak ziren emakumeentzat. Saskietan, kuxinetan edo ugazabandreen ohean bertan ere egiten zuten lo.

Emakumeei jazo zitzaien bezala, une jakin batean, katuek nolabaiteko gaiztakeria garatu zuten, harik eta deabruarekin identifikatuak izan ziren arte.

Loroak

Loroa Erdi Aroan ezagutzen zen hegazti exotiko bakarra zen. Hori dela-eta, oso garestia, ezohikoa eta esklusiboa zen. Jakin badakigu erregina ingelesek, esaterako, loro afrikarrak hartu zituztela maskotatzat. Antza denez, agintari atzerritarrek eskainitako oparien artean iritsi ziren gorte ingelesera.

Loroek kriskitindun idunekoak zeramatzaten, eta aberastasunez landutako kaioletan zeuden. Antzina bezala, euren exotismoagatik ez ezik, giza ahotsa imitatzeko zuten gaitasunagatik ere baziren preziatuak.

Txakurtxoa

Gizonek untxariak zituzten, eta, txikiak izan arren, tamaina nabarmena izaten zuten beti. Emakumeek, ordea, txakurtxoak zituzten gustuko. Arruntenak maltatarrak izaten ziren. Emakumeen maskota nagusiak izan ziren, eta gizartean onartutako aberastasunaren erakusgarri ziren. Maltatarrak zuriak ziren, ile luzea zuten eta beti uhala zeramaten animaliaren eta ugazabandrearen arteko loturaren adierazgarri.

Garaiko ikonografia erlijiosoan, txakurtxoak agertzen dira emakumeen oinaldean, Erdi Aroko hilobietan. Animaliak emazteek senarrei zieten leialtasunaren ageriko sinboloa ziren. Gizonek, ordea, euren ausardia eta indarra erakusten zuten lehoien bidez.

Tximinoak

Tximinoak maskota inportatuak zirenez, garestiak ziren, eta dirudunek baino ezin zituzten eduki. Oso ohikoak ziren apaizen artean, nahiz eta oso animalia preziatuak ez ziren. Maltzurrak bezain biziotsuak omen ziren, eta gizakien jokabide txarrenak imitatzen zituzten.

Tximinoak maskotak izan zitezen, lehenengo eta behin etxekotu egin behar ziren. Horretarako, leku finko eta astun batera lotzen zituzten, etxe osoan korrika ez ibiltzeko. Gainera, trikimailuak eta jauziak egiten ere irakasten zieten. Urtxintxei eta beste maskota txiki batzuei bezala, metal preziatuz egindako idunekoak eta kateak jartzen zizkieten.

Untxariak

Erdi Aroan, gizon guztiek untxaria izan behar zuten; eta emakumeek, txakurtxoa. Untxariak ez zituzten maskotatzat hartzen, baina jabe askok laguntasun-animalien baimenak ematen zizkieten euren txakurrei. Hartara, ez zuten txakurtegian bizi beharrik, eta etxean edo gazteluan bizi zitezkeen. Gainera, euren mahaian bertan elikatzen zituzten.

Garai hartan, maskota moduan gehien erabilitako ehiza-txakurrak spaniela eta Bavierako odoleko untxaria ziren. Dena dela, batzuetan, galgoak ere bazituzten, handiak izan arren. Edonola ere, euren arrazagatik barik, euren eginkizunagatik nabarmentzen ziren txakurrak.

Untxiak

Untxiak Erdi Aroan hazi ziren, baina, batez ere, janari-iturri moduan erabiltzen zituzten. Edonola ere, animalia txikiak zirenez, batzuetan tratu berezia jasotzen zuten, eta maskotatzat hartzen zituzten. Ohiko laguntasun-animaliak ziren lekaimeen komentuetan.

Urtxintxen antzera, leku askorik hartzen ez zuten animaliak ziren, eta erraz elikatzeko modukoak ziren. Urtxintxek bezala, untxiek ere arretak zein apaingarriak jasotzen zituzten, eta, etxean edo logelan, leku berezia zeukaten, eurentzako tokitxoarekin.

Urtxintxak

Itxuraz basatiak ziren animalia asko maskota bihurtu ziren Erdi Aroan, baina, batez ere, txikiak, oso ondo egokitu zitezkeelako kalera irteteko aukera gutxi zuen bizimodura.

Oso apala izan arren, maskota guztiak ondasun ederrak izan zitezkeen, ondo aukeratutako osagarriak erantsiz gero. Esate baterako, urtxintxei idunekoak eta zilarrezko kateak jartzen zizkieten apaingarri. Horrez gain, atseden hartzeko leku berezia ere bazuten, hau da, kuxin bakuna edo era guztietako erosotasunekin eraikitako gordelekua.

Zaldiak

Zaldiek zeregin bikoitza izan zuten Erdi Aroan. Batetik, nekazariek animalia horiek partekatzen zituzten, landa-inguruneko lanetan erabiltzeko. Bestetik, pribilegiatu gutxi batzuen gizarte-mailaren sinbolo ere bihurtu ziren.

Zaldiak oso animalia garestiak ziren, eta euren mantenua ez zen batere merkea. Erdi Aroan, zaldunen animaliak izan ziren. Jabeen kide banaezinak ziren, arreta handiz zaintzen zituzten eta duintasunaren sinbolo argia ere baziren.

Euren mantenua beste gehigarri bat zen aberastasuna erakusteko orduan. Zaldiek uhaleria, kortak, zaintzaileak, bazka eta arreta etengabeak behar zituzten. Hori guztia lortzea oso zaila zen, behar beste baliabide ekonomiko eduki ezean.