Hainbat txakal egon ziren Egipton, baina, batez ere, Nilok ureztatutako lurralde emankor estuetatik haratago hedatzen ziren lur basamortutsuetan. Antzina-antzinatik, egiptoarrak euren hildakoak lugorri horietan ehorzten hasi ziren. Jakina denez, txakalak hilerri horien inguruan zebiltzan. Txakalen eta heriotzaren arteko lotura hori Egiptoko erlijioan islatu zen, Anubis jainkoaren irudian.
Txakal jainkoak momifikazioa babesten zuen, hilerrietako jaun eta jabea zen, eta hildakoak Osirisen aurrera eramaten zituen, bertan epaitu zitzaten. Tokian tokiko beste jainkotasun batzuek ere txakal-forma hori hartu zuten, hilerri eta heriotzarekiko loturaren erakusgarri. Urteak joan eta urteak etorri, ordea, guzti-guztiek Anubisen antza hartu zuten.
Ugalkortasunarekin eta naturarekin lotutako jainkosa guztietan gertatu ohi den bezala, Hator Egiptoko panteoiko jainkotasun antzinakoenetakoa izan zen. Jainkosa horrek ere, Jnumek bezala, lehenengo zibilizazioetako ohiko animalietako baten forma hartzen zuen. Hator behi moduan irudikatzen zuten edo behi-belarridun emakume moduan, edo, tartean, eguzki-diskoa zeukaten adardun emakume moduan ere bai.
Hatorrek funtsezko zeresana izan zuen Egipton jainkosa kosmiko moduan, alaitasunarekin, kantuarekin eta ugalkortasunarekin lotutako jainkotasuna zen-eta. Hildakoen babeslea eta Horusen emaztea izan zen. Hala ere, zeruaren ordezkaria zenez eta Horus eguzkiarena zenez, eguzki-jainkoaren atsedenlekua ere bazen. Hori dela-eta, eguzki-diskoa zeraman adarren artean.
Hain garrantzitsua izan zenez, bere gurtza Egiptoko lurretako zati handi batera hedatu zen. Dena dela, bere gurtza-leku adierazgarrienak Denderan nahiz Sinain egon ziren. Azken leku honetan zilar-meategietako babeslea zen.
Oso hasieratik, Egiptoko zeruetan nonahi ikus zitezkeen belatzak eguzki-jainkoarekin identifikatu zituzten. Horusek epiteto asko izan zituen bere jainkotasunaren ezaugarri zehatzen arabera: Haroeris, eguzki-jainkotasun eta faraoiarekin lotutako jainko moduan; Horajty, zeruertzeko eguzki moduan; Harpokrates, Osirisen eta Isisen semea zen ume-jainko moduan; edo Montu, Erresuma Ertaineko gerra-jainkotasun moduan.
Eguzki-jainko moduan, gobernatzen zuen faraoiaren irudiarekin egon zen lotuta. Izan ere, errege-titulaturako bost izenen artean, Horusen Izena ere bazegoen.
Kakalardo pilotagilearen ohitura da simaur-bola eratzea eta aurreko hanken artean garraiatzea, bere arrautzak bertan erruteko. Hartara, unea iristean, ezerezetik sortzen direla diruditen kakalardo berriak agertzen dira lurrean.
Fenomeno horren ondorioz, antzinako egiptoarrek kakalardoa berpizkundearen kontzeptuaren adierazpena zela uste zuten. Egiptoarrek Jepri izena jarri zioten kakalardo-itxurako jainkotasun horri, eta sustraiak "garapena" zein "jaiotza" terminoekin zeukan lotura.
Horrez gain, eguzki-jainkotasunaren adierazpenetako bat ere bazen Jepri. Kakalardoak pilota nola garraiatzen zuen kontuan hartuta, eguzkiak zeruertzean egindako ibilbidearen sinboloa ere bazen Jepri.
Antzinaroko jainkotasun askok, eta Egipto ez zen salbuespena izan, lehenengo zibilizazio horientzat hain garrantzitsua izan zen ganaduaren ezaugarriak hartu zituzten euren gain. Egipton, esaterako, zenbait jainkok ahariaren itxura hartu zuten; eta, euren artean, Jnumek, herrialdeko hegoaldeko Elefantinako jainkoak, alegia.
Toten antzera, jainkotasun sortzailea izan zen Jnum. Bere eltzegile-tornuaren bidez, neska-mutilei Niloko lurraz ematen zien forma. Egun batean, ostera, nekearen nekeaz, tornua hautsi eta haren zati bat jarri zuen emakume bakoitzean, aurrerantzean gizakiak ugaldu zitzaten.
Ra eguzki-jainkotasunaren adierazpen guztien muina izan zen antzinako egiptoarrentzat. Bere ezaugarriak eta ikonografia korapilotsuak izan ziren, jainko askok Rarekin bat egiten zutelako euren ezaugarriak indartzeko asmoz. Jainkotasun sortzailea zen, eta unibertsoko hiru esferak zituen mendean: zeruak, lurra eta lurpea.
Ra zeruko jainkotasuna zenez, belatz-burudun gizona izango balitz bezala irudikatzen zuten, eta kiribildutako kobradun eguzki-diskoa zeukan buru gainean. Jainkoak heriotza berehala banatzeko zeukan ahalmenaren sinboloa zen sugea. Lurpearekin lotutako jainko moduan, ordea, ahari-burua zeukan. Horrez gain, urrezko larruazala, zilarrezko hezurrak eta lapis lazulizko ilea zituen errege zaharra dela azaltzen da iturri literarioetan. Ra, hain zuzen ere, Egiptoko lehenengo dinastietako jainko faraonikoa izan zen.
Egiptoko hegoaldeko lurretan, Goi Egipto inguruan, erraza zen lehoiak ikustea. Animalia horiek antzinako egiptoarrekin lehiatzen ziren izaki basatienak ziren. Hori dela-eta, Sejmet jainkosarengan gorpuztu ziren, lehoi-emearen aurpegia zeukan emakumezko jainkosa ahaltsu, suminkor eta ankerrarengan, alegia.
Sejmetek, gerraren zein mendekuaren jainkosak, herrialdeko hegoaldeko basamortuetako haizea bezain kiskalgarria zen hatsa isuri zezakeen. Ezustekoa izan arren, botere handia zeukanez, behar bezala baretzea lortuz gero, jainkosak ezin konta ahala opari eskain zitzakeen, baita babesa ere. Hori dela eta, antzinako egiptoarrek haren sumina lasaitzeko erritual konplexua garatu zuten, jainkosaren estatuaren aurrean. Horri esker, Goi Egiptoko lehoi-eme itxurako jainkosaren irudikapen asko eta asko daude.
Antzinako egiptoarrek Niloko krokodilo ankerra ere identifikatu zuten hain oldarkorra zen jainkotasun batekin. Sobek, krokodilo jainkoa, Egiptoko panteoiko antzinakoenetakoa izan zen.
Luzaroan, Sobek jainkotasun bortitz bezain biziotsua izan zen, berarekin lotura zeukan animaliaren antzera. Hala ere, suminkortasun bereizgarri horri esker, ahulenen babesle ezin hobea ere izan zen.
Edonola ere, Erresuma Ertainetik, bere ezaugarriak apurka-apurka aldatu ziren, harik eta jainko ongile bihurtu eta Horusekin nahiz faraoiarekin bat egin arte, Egiptoko errege-erreginen jainkoetako bat izateko. Bere tenplu handiena herrialdeko hegoaldeko Kom-Omboko hirian dago.
Egiptoko panteoiko jainkotasun askok animalien munduko berezko ezaugarriak eta formak hartu zituzten. Seth ere ez zen salbuespena izan. Dena dela, ez dakigu zer animalia zehatzekin dagoen lotuta. Batzuen ustez, garai historikoetan zeukan itxura antzinako irudikapen bakunen batetik dator. Beste batzuen iritziz, fikziozko izaki baten irudikapena da.
Hain zuzen ere, Egiptoko jainko antzinakoenetakoa izan zen Seth. Funtsezko zeregina izan zuen Osirisen historian. Seth jainkoaren anaia eta etsai amorratua izan zen. Txikitu egin zuen, eta haren gorputzaren zatiak Egiptoko lurralde osoan sakabanatu zituen.
Seth negatibotasunaren sinboloa izan zen mundu egiptoarrarentzat. “Gorritasunaren” jauna zen, kolore hori kaltegarritzat hartzen zela kontuan edukita. Trumoi urri bezain beldurgarrien jainkoa izan zen, baita arkulari onena ere. Azken ezaugarri horri esker, bete-betean ohoratzen zuten soldaduek.
Totek, Hermopoliseko hiriko jainkoak, garrantzi berezia izan zuen Egiptoko panteoian. Antzina, munduaren sorrera azaltzen zuten kosmogonietako baten protagonista nagusia izan zen jainko hau. Narrazio horren arabera, Totek lau jainkotasun-bikoteri erregutu zien bere ahotsaz, jatorrizko uretatik azaleratu ziren, eta Raren sortzailea izandako gorputza sortu zuten.
Tot ilargi-jainkotzat hartu zutenez, ibisa edo babuinoa izango balitz bezala irudikatzen zuten. Jainko jakintsuena omen zen, eskritura hieroglifikoa asmatu zuen eta, horren ondorioz, eskriben babeslea izan zen.