Antilopeak

Badirudi antilopeak izaki exotikoak izan zirela Egeon. Brontze Aroko pintura gehienak Kretan eta Teran dauden arren, ez batean ez bestean ez da animaliok bertan zeudela egiaztatzen duen aztarna arkeologikorik agertu. Euren irudikapenak oso urriak dira, eta badirudi Egiptotik datozela, bertako faunako animaliak ziren-eta.

Antilopeak arreta handiz daude delineatuta. Euren anatomietan, animalion eta gazelen ezaugarriak uztartzen dira. Xehetasun piktoriko gehienak buruan biltzen dira, eta, bertan, uhindutako adar luzeak nabarmentzen dira.

Arrain hegalariak

Brontze Aroan, itsasoa funtsezko elementua izan zen Egeoko kulturen garapenari zegokionez. Beraz, hain harreman estua edukitzean eta nabigazio-ordu asko egitean, ez da harritzekoa Egeoko artistek inguruko unibertsoa irudikatu izana euren sorkuntzetan.

Seguruenik, bidaia horietan begi-bistan agertzen ziren izaki nabarienen artean egongo ziren arrain hegalariak. Lehenengo eta behin, Zikladetako freskoetan eta, gero, Kretakoetan, bizitasun eta naturaltasun handiz irudikatzen dira. Hori lortzeko, argi dago natura arreta handiz behatu behar zela.

Basakatuak

Katuak Egiptotik heldu ziren Mediterraneora. Niloko lurretan, animalia horiek ehiztari moduan trebatu ziren, baina, batez ere, Deltako paduretako hegaztiak jazartzea eta harrapatzea zen euren eginkizuna. Seguruenik, bizimodu kretatarrera eta mizenikora heldu zirenean ere animalia ehiztariak izango ziren.

Irudikapen minoikoetan basakatuak agertzen direnean, giza erreferentziarik gabeko paisaian egiten dute korrika. Gainera, Egiptoko irudi askotan bezala, zuhaixketatik uxatuta irteten diren era guztietako hegaztiak jazartzen dituzte.

Enarak

Brontze Aroko Egeoko artean era guztietako hegaztiak irudikatzen badira ere, enarak oso gutxitan agertzen dira, eta Tera uhartean baino ez daude, ia. Euren irudi ospetsuena uharte horretan aurkitutako fresko batean dago, Akrotiriko astarnategian hain zuzen.

Gaur egun, ez dago enararik Santorini uhartean (Tera). Hala ere, animalia horien lumak, gorputzaren forma eta jokabidea azaltzeko orduan artistak nolako maisutasuna erakusten duen kontuan hartuta, baieztatu liteke uhartean enarak egon zirela K.a. 1500. urtearen inguruan.

Irudi ospetsuenean, bi hegaztik euren mokoak uztartzen dituzte hegan daudela. Bata beheko aldetik dator, eta bestea goiko aldetik. Era guztietako azalpenak eman izan dira eszena hau azaltzeko. Batzuk erromantikoak izan dira baina euren kumeak elikatzen ari diren helduak edota arrak lurra jabetzeko borrokatzen ari direla izan daitezkeela ere adierazi da.

Izurdeak

Seguruenik, arte minoikoko irudi ezagunenetakoa dira izurdeak. Oso arruntak ziren Egeon, eta, Brontze Aroan, garaiko artistek ingurura begiratu besterik ez zuten, euren sorkuntzetarako adibideak lortzeko.

Sasoi hartako arte osoan ohikoak badira ere, badirudi euren irudikapen artistikoa Ziklade Uharteetan hasi zela. Bertatik Kretara heldu zen, eta animalia horien irudikapenaren adibide nabarienak hantxe bertan daude. Eguneroko edo luxuzko era guztietako objektuak apaintzeko erabili zituzten: zeramika, zigiluak, horma-pinturak eta zoruak ere bai.

Izurdeen etengabeko agerpen horrek azpimarratzen du zeinen lotura estua zuten Egeoko herriek itsasoarekin.

Moluskuak

Egeoko biztanleentzat itsasoa oso garrantzitsua denez, moluskuak ere inspirazio artistikorako iturria izan ziren.

Irudikatutako beste animalia batzuk ez bezala, inspirazio artistikorako iturria ez ezik, erraz lortzeko moduko elikagai-iturria merkea ere baziren moluskuak.

Horrez gain, zenbait espezie, murexa, esaterako, oso preziatuak izan ziren industriaren eta merkataritzaren ustiapenaren ikuspegitik. Purpura kolorea lortzeko tindu naturala ateratzen zen murexetik. Purpura kolorea lortzea hain nekeza eta garestia zenez -ehunka mila barraskilo erabili behar ziren jantzi bakarra tindatzeko-, aberastasunaren sinbolo nagusia izan zen Antzinarotik.

Txibiak

Era guztietako itsas izakiak agertzen dira Brontze Aroko Egeon egindako eguneroko pieza askotako apaingarrien artean. Gehienetan nahastu egiten diren olagarroak eta txibiak dira bizitasun handiena dutenak. Begi handi irekiak eta forma simetrikoetan hedatutako garro bihurrituak agertzen dira pitxerretan, paparrekoetan edo plaka apaingarrietan.

Tximeletak

Tximeletak eta beste intsektu batzuk, erleak, esaterako, Egeoko artistek arte txikiagoetako apaingarri moduan erabilitako baliabide arruntak izan ziren.

Tximeleten irudikapen asko hileta-testuinguruetan agertu dira. Eurekin batera, krisalida-formako objektuak ere aurkitu dituzte, eta badirudi apaingarri moduan ere erabili zituztela. Aurkikuntza horietan oinarrituta, tximeletak eta krisalidak sinbolikoak direla adierazi dute zenbait adituk. Hil osteko berpizkundearen ideiarekin egongo lirateke lotuta, tximeletak eraldatu eta birsortu egiten direlako.

Beste batzuek, ordea, Egeoko biztanleen inguru hurbilenean oso arrunta den animalia ederraren irudia baino ez dute ikusten irudikapen horietan.

Tximinoak

Katuak bezala, badirudi tximinoak ere Egiptotik iritsi zirela Egeora, ohiko opari-trukeen bitartez, seguruenik. Egipton, hain zuzen ere, oso animalia arrunta zen tximinoa. Oro har, maskotak baziren ere, familiaren ekonomiako ohiko zenbait zereginetarako laguntza moduan ere erabiltzen zituzten; esate baterako, fruta biltzeko edo paduretako hegaztiak harrapatzeko.

Animalia hori sarritan agertzen da arte minoikoan. Egiptoarren ohiko konbentzionalismoak kontuan hartuta, Kretako artistek kolore urdinez irudikatzen zituzten tximinoak. Tximinoak pinturetan, pitxerretako heldulekuetan edo zigiluetan agertzen dira irudikatuta. Horrez gain, Tera uharteko erupzioak ehortzitako Akrotiriko herrixkako aztarna arkeologikoetan, tximino-buru fosilizatuaren arrastoak aurkitu dituzte.

Zezenak

Ikonografiaren eta aztarna arkeologikoen arabera, zezena funtsezko animalia izan zen gizarte minoikoan. Bere irudikapen ezagunenak zezen-jauziaren erritu-kirolekoak dira. Dena dela, oso gutxi dakigu erritu-kiroletako erakustaldia izan zela uste den jarduera horri buruz; protagonista zezena zela, besterik ez.

Antza denez, gizontasunaren eta gizonen indarraren erakusgarri zen animalia. Aztarna arkeologikoen arabera, badirudi bere gurtza Kretatik Brontzeko besteko zibilizazio batzuetara esportatu zela; mizenikora, esaterako.

Kretako pinturetan irudikatutako animaliek bi koloretako larrua dute. Zenbaiten iritziz, nolabaiteko etxekotze-mailaren adierazgarri da ezaugarri hori. Edonola ere, animaliaren izaerari erreparatuz gero, ezustekoa eta oso arriskutsua zen beti.