Antzinako egiptoarrek izen bera erabiltzen zuten ardi nahiz ahuntzentzat. Ahuntzak ardiak baino ugariagoak izan ziren, garai ptolomeikora arte, behintzat. Oro har, euren ezaugarri fisikoei esker, hobeto egokitzen ziren giro erdi-basamortutsuetara.
Ahuntzak erabilera anitzekoak ziren antzinako egiptoarrentzat, haien haragia, esnea, larrua zein artilea erabiltzen zituzten-eta. Artilea, gainera, ehun-gaiak egiteko erabiltzen zen. Larruei, ordea, forma eman, eta ur-andel moduan eta baltsak egiteko erabiltzen zituzten.
Antzarak etxeko animaliak ziren Antzinako Egipton. Haien haragia eta koipea jaten zituzten, eta beste helburu batzuetarako erabiltzen zituzten lumak.
Animaliaren ezaugarriak, euren tamaina txikia eta erraz eta merke hazi eta mantentzen zirela kontuan hartuta, antzarak haragia lortzeko aukera aparta ziren egiptoar apalenentzat. Oro har, baserritarrek eta artzainek ezin zituzten zezenak, behiak, ardiak edo ahariak hil, baldin eta halakorik bazuten. Oso animalia erabilgarriak ziren haientzat, baina askoz ere garestiagoak ere bai. Hori dela-eta, gizarte-maila xumeenek proteinen iturri alternatiboak bilatu behar zituzten, eta antzarak oso aukera ona ziren.
Bestetik, antzarak Amon jainkoarekin zeuden lotuta. Beraz, sakrifiziorako animalia nagusienetakoa ere bazen egiptoarrentzat.
Arrantza biziraupenerako baliabide handia izan zen antzinako egiptoarrentzat, baita denbora-pasa handia ere. Gizarte-maila xumeenek, haragia jaterik ez zutenek, euren elikadura osatzen zuten arrainaren bidez.
Nilon era guztietako espezieak bizi ziren. Antzinako egiptoarren mahaian, lehenengo ur-jauziraino Nilon gora zihoazen korrokoiak, kolakak eta bagreak ziren arruntenak. Ur-lasterrek bazterretan sortutako laku txikietan harrapatzen zituzten. Urtero urak beheratzen zirenean, arrain asko bazterretan geratzen ziren hondoratuta, eta eskuz bildu zitezkeen.
Oso elikagai galkorra zenez, gazitu edo lehortu egiten zen, urte osoan apurka-apurka jan ahal izateko.
Egiptoarrek ez zituzten zaldiak eta gameluak ezagutu, K.a. lehenengo milurtekora arte. Hori dela-eta, luzaroan, Niloko herrialdeko funtsezko animalia izan ziren astoak.
Erresistentzia handia zutenez, oso egokiak ziren zeregin latzenak egiteko. Oro har, zama astunak garraiatzeko edo goldetik tira egiteko erabiltzen zituzten. Luzaroan urik edan gabe egon zitezkeen, eta hori abantaila handia zen Egiptoko lur basamortutsuetan. Gainera, astoek kalitate handiko janaririk behar ez zutenez, erraz mantentzen ziren, eta nahiko merkeak ziren. Azken batean, ematen zuten etekina euren mantenua baino askoz handiagoa zen.
Zaldiak Egiptora iritsi zirenean, astoak behorrekin gurutzatu zituzten, astoak baino garaiagoak eta indartsuak ziren mandoak hazteko. Izan ere, zaldiak baino erresistentzia handiagoa zuten, eta askoz merkeagoak ziren.
Zezenak bezala, behiak Egiptoko ekonomiaren oinarrietako bat ziren. Haragia ez ezik, behiek esnea ere ematen zuten, dietako funtsezko elikagaietako bat, alegia. Indusketei eta pinturei esker, badakigu egiptoarrek muturrekoak erabiltzen zituztela, txahalek amaren esnea edan ez zezaten. Horrela, bada, esne gehiago zuten giza kontsumorako.
Artzainek ikuspegi ekonomikotik hain garrantzitsuak ziren animalia horiek zaintzen zituzten. Animalion osasuna, ordea, albaitaritza-jakintza handiko medikuen esku zegoen, antzinako zenbait papirotan eskainitako argibideak kontuan hartuz gero.
Egiptoko gizartean, behiak eta zezenak oso garrantzitsuak ziren, eta, beraz, erregetzako sinbolo bihurtu ziren, baita Hator eta Apis jainkoen forma ere.
Erleak Egiptoko ekonomiaren osagai garrantzitsua izan ziren, eztia funtsezkoa zelako elikatzeko orduan. Antzinako egiptoarrek azukrea ezagutzen ez zutenez, elikagaien gozagarri moduan erabiltzen zuten eztia. Horrez gain, eztia bera sendagarria ere bazenez, funtsezkoa zen Egiptoko medikuen botika-kutxan.
Garai hartako erlezaintza-teknikak gaurkoen antzekoak ziren. Erleak argizaria zein eztia lortzeko hazten zituzten, eta, biltzeko orduan, gaur egun bezala zorabiatzen zituzten kearen bidez.
Errege-erreginen ikonografian bertan ere bazuten garrantzirik, haien irudia Behe Egiptoko sinbolo moduan erabiltzen zuten-eta.
Galeperrak ere antzinako egiptoarren janari-iturria izan ziren. Arrainekin edo antzarekin gertatzen zen bezala, galeperrek proteina asko eskaintzen zizkieten gizarte-maila xumeenei.
Galeperrek urtean bitan zeharkatzen zuten herrialdea. Egiptoarrek migrazio horietan harrapatzen zituzten errazago. Orduak eta orduak hegan eman ondoren, ahulen zeudenean harrapatzen zituzten, erraz, sare handien bitartez. Udan harrapatu eta udazkenean jaten zituztenez, gazitu eta gordinik jaten zituzten.
Koartzak urte osoan bizi ziren Niloko deltan, eta, neguan, herrialdeko gainerako tokietan ere egoten ziren ikusgai. Antzinako egiptoarrek hegaztiak harrapatzeko erabiltzen zituzten koartzak. Animaliok apeu moduan erabiltzen zituzten, Niloko paduretan bizi ziren espezieak harrapatzeko.
Ez dakigu koartzak janari moduan erabili zituzten ala ez. Antzeko beste animalia batzuk, kurriloak, esaterako, jan egiten zituztenez, seguruenik koartzak ere jango zituzten. Jakin badakigu kurriloak gizendu egiten zituztela gaur egun antzarekin egiten den bezala. Beraz, baliteke koartzei ere prozedura bera aplikatzea.
Egiptoko txerriak bertako arbaso basatietatik zetozen. Oraindik ere, ez dago argi haien haragia jaten zuten ala animalia hau tabua ote zen kontsumorako, gaizkiarekin identifikatutako Seth jainkoarekin zegoelako lotuta. Hala ere, badirudi antzinako egiptoarrek ez zutela erlazionatu gutxi egindako txerrikia trikinosiaren hedapenarekin.
Txerrikia kontsumitzeko debekurik ote zegoen ala ez alde batera utzita, ageri-agerikoa da partikularrek eta tenpluek txerri-azienda handiak eduki zituztela. Oro har, nahiko onartuta dago egiptoarrek txerrikia jaten zutela, baina, halakorik egiten ez bazuten, beste eginkizun batzuk ere betetzen zituzten txerriek. Besteak beste, lurzoru erein berrian ibiltzen ziren, luberritutako lurrean haziak zanpatzeko.
Zezenak eta behiak Antzinako Egiptoko animalia familiar garrantzitsuenak izan ziren. Etxekotutako lehenengo animalietakoa zenez, gizarte-mailaren adierazgarri ere izan zen. Zezenak Neolitotik erabili zituzten, eta, batez ere, janari zein larruen iturria ziren. Zezenak zikiratzen hasi zirenetik, idiak izan ziren gurdi-abere nagusienak.
Aldi berean, sakrifiziorako animalia baliotsuenak ere baziren zezenak. Edonola ere, hildakoan, janari bihurtzen ziren berriro, kasu hartan apaizentzat.
Tenpluek eta egiptoar aberatsenek azienda handiak zituzten, eta Nilotik urrun zeuden lurretan bazkatzen ziren. Eremu horiek hezeak izan arren, nekez ureztatzen ziren, bazkaleku naturalak zituzten eta herrialdeko boteretsuenen azienda handiak hazten ziren bertan. Zezenak bazkalekuetan askatasunez zebiltzanez, jabeentzat oso premia goiztiarra izan zen berauek markatzea eta identifikatzea.