Badirudi labar-pinturetan irudikatutako basahuntz alpetarrak Pirinioetako gaur egungo ahuntzen arbasoak direla. Espezie hau erraz egokitu zen Historiaurreko klima-aldaketetara, eta, bere habitat naturala mendi elurtuak baziren ere, Europako erdialdean soildutako lautadetan ere barruratu zen.
Ahuntzak funtsezko janari-iturria izan ziren Iberiar Penintsulako iparraldean eta, Pirinioetatik hurbil, Frantziako hegoaldean bizi ziren gizakientzat. Hori dela eta, inguru horietako labar-artean gehien irudikatutako animalietako bat da. Pinturetan ondo baino hobeto irudikatutako ezaugarri nabariena kurbatutako adar luze bezain zimurtsuak dira.
Basurdeak zeresan handia izan zuen Historiaurreko gizakientzat. Lehenengo gizakiekin bizi izandako beste animalia batzuen antzera, Historiaurreko basurdea gaur egungoa baino handiagoa zen. Gordelekuetan bizi eta gaueko ohiturak zituen. Oso izaki arriskutsua, azkarra, indartsua eta hilgarria zen askotan. Arrek bakarrik zituzten beheko letagin handi eta kurboei esker, oso animalia beldurgarriak ziren.
Nahiz eta Historiaurreko irudikapenetako animalia ohikoenak ez diren, haitzulo batzuetan badago Paleolitoko basurde basatien irudiak ikusterik.
Zaldiarekin batera, guztiok labar-pinturekin lotzen dugun animalia da bisontea. Haitzuloetako irudikapenetan, tamaina handiko belarjalea agertzen da (bisonteek bi metroko altuera zuten), konkorra du sorbalden gainean eta adar luzeak ere baditu.
Historiaurreko irudietan, ile mota eta luzera desberdineko bisonteak azaltzen dira. Hori dela eta, badirudi baldintza klimatikoak, urtaroak edo estilo artistikoak irudikapen desberdinak sorrarazten zituela.
Elur-oreinak eta oreinak Historiaurreko ehiztarien elikaduraren oinarria izan ziren. Haitzuloetan aurkitutako aztarna arkeologikoen artean, animalia horien adarrez egindako erreminta ugari aurkitu dituzte. Horrez gain, haragi, larru, koipe eta hezur iturria ere baziren Historiaurreko gizakientzat. Hain garrantzitsuak izan zirenez, Madalen aroari, hau da, Goi Paleolitoko azken kulturari, Elur-oreinen Aroa ere esan diote.
Hala ere, salbuespenak salbuespen, elur-oreinen irudikapenak oso urriak dira Paleolitoko artean, beste animalia batzuen irudien aldean. Esate baterako, Les Combarelleseko haitzuloan, elur-oreinen irudiak dituzten 600 bat grabatu daude, denak ere Madeleine arokoak.
Animalia hau ile-geruza lodiaz zegoen estalita, eta ondo baino hobeto egokitzen zen Goi Paleolitoko klima hotzera. Errinozero iletsuek tamaina desberdineko bi adar zituzten. Bata bestearen aurrean zegoen, eta babeserako nahiz ugalketarako erabiltzen zituzten. Euren harrapakari naturalak oso urriak ziren. Gainera, ziurrenik ez ziren Historiaurreko ehiztarien gustuko ehizaki izan, animalia hauek harrapatzea oso arriskutsua zelako.
Beste belarjale batzuk baino askoz gutxiagotan agertzen da Historiaurreko artean. Nolanahi ere, Frantziako Chauveteko haitzuloan animalia honen 68 irudi ere badaude ikusgai.
Hartzak eta, oro har, haragijaleak, ez dira belarjaleak bezain sarritan agertzen Historiaurreko artean.
Haitzuloetako hartzak izaki erraldoiak ziren: atzeko hanken gainean zutik, hiru metro baino gehiagoko altuera izan zezaketen. Urte osoan bizi ziren haitzuloetan. Gaur egungo hartzek, ordea, hibernatzeko baino ez dituzte erabiltzen.
Euren bizimoduaren ondorioz, haragijaleak ez ziren belarjaleak bezain agerikoak. Modu berean, labar-artean ere, hartzak eta beste haragijale batzuk ez daude hain agerian. Oro har, haitzuloetako gune sakonenetan ezkutatzen dira. Agertzen direnean, ordea, lehendik zeuden beste irudi batzuen barruan ezkutatzen dira, edo, hain minimalistak izateagatik, nekez identifikatu daitezkeen pinturetan ere bai. Horrez gain, badirudi hartzen edo euren hezurren aztarnek esangura erlijioso edo erritualen bat izan dutela Historiaurreko gizakientzat.
Historiaurrean ondoen ezagutzen zituzten ugaztunetako batzuk dira hienak. Edonola ere, Paleolitoko artean gutxitan irudikatutako animaliak izan ziren, eta, agertzen direnean, haitzuloetako eremu baztertu eta sakonetan daude kokatuta.
Haitzuloetako hiena gaur egungoa baino handiagoa zen. Zaldiak oso gustuko bazituen ere, bisonteak nahiz errinozeroak ere harrapatzen zituen, eta gizakiek ehizatutako harrapakinei ere ateratzen zien onura. Indusketetan egiaztatu ahal izan denez, hienak eta gizakiak lehiatu egiten ziren haitzuloak babesleku moduan erabiltzeko orduan. Leku batzuetan, gainera, bi espezieak ondoz ondoko leize berean bizi zirela adierazten duten aztarnak ere aurkitu dituzte.
Historiaurreko gizakiekin bizi izandako animalia handiena izan zen mamuta. Betiko desagertuta dauden ugaztun haiek gaur egungo elefante afrikarren tamaina zuten, gutxi gorabehera, batzuk handiagoak ere izan arren. Elefanteenak baino letagin luze eta kurbatuagoak zeuzkaten. Euren haurdunaldia luzea zen (24 hilabete), kume bakarra egiten zuten eta emeek zenbait urte igaro arte ez zuten berriro ugaltzeko aukerarik izaten, baina, hala ere, euren populazioa oso ugaria izan zen Historiaurrean.
Garai hartako klima glaziarraren ondorioz, Europako zati handi batean bizi izan zirenez, labar-pinturetan agertzen dira sarritan. Historiaurreko irudikapen ugarienak Frantziako Rouffignaceko haitzuloan aurkitu dituzte; margotutako eta zizelkatutako mamuten 100 irudi baino gehiago daude bertan.
Uroak gaur egungo behi-aziendaren arbaso basatiak ziren. Eremu zabaletan bizi ziren, eta klimara egokitzeko gaitasun handia zuten. Horri esker, ia Europa osoan bizi izan ziren.
Kontinentean oso sakabanatuta zeudenez, sarritan irudikatu zuten Historiaurreko artean.
Labar-artean sarriagotan irudikatzen den animalia da zaldia. Eurak bakarrik Paleolitoko artean aurkitutako animalia guztien %30 dira. Historiaurreko zaldiak duela 12.000 urte inguru betikodesagertu baziren ere, zientzialariek zaldi haien ondorengo bizidunak identifikatu nahi dituzte Historiaurreko irudikapenen bidez. Hain ugariak direnez, gaur egungo arrazekin lotzeko moduko adierazle fisikoak bilatzea da helburua.
Zaldiak oso garrantzitsuak izan ziren Historiaurreko gizakientzat. Elikagai, larru eta koipe iturri nagusietakoa ziren. Gainera, haragijaleak bezain arriskutsuak ez baziren ere, nekez harrapatzen zituzten, animalia oldarkorrak eta azkarrak ziren-eta.