Basurdeak, beste belarjale batzuk bezala, ohikoagoak izan ziren garai inperialaren amaierako venationes-etan, animalia exotikoak bigarren mailan utzi zituztenean. Bitxia bada ere, animalia arriskutsu horiek emakume gladiadoreek egindako ikuskizun urrietan parte hartu zuten.
Oso gutxi izan arren eta ontzat hartzen ez ziren arren, emakume gladiadoreak ere egon ziren. Askoren ustez, egokiagoak ziren venatores moduan borrokatzeko, beste gladiadore batzuen aurkako borroketan parte hartzeko baino. Euren harrapakinak basurdeak izan ohi ziren.
Emakume horiek ez ziren batere preziatuak, eta Juvenal idazle erromatarraren pasarte bat da horren adierazgarri. Bertan, Mevia gladiadorea satirizatzen du, amazona jantzita eta bular bat agerian, basurdea hiltzen duenean.
Lehenengo venatio errepublikarretatik, elefanteak ia beti egon ziren zirkuan, eta, zenbait aldiz, ikuskizuneko benetako protagonistak ere izan ziren. K.a. 55. urtean, Julio Zesarren botere handiaren aurkako kanpaina politiko eta propagandistikoaren osagarri, Ponpeiok 20 elefanteko, 410 lehoinabarreko eta 500 lehoiko borroka aurkeztu zuen. Nolanahi ere, Ponpeiok ikuskizunean sartutako ehiztari iparrafrikarrek elefanteak hil zituztenean, ikusleak haserre bizian jarri ziren. Jendea gora-goraka hasi zen elefante babesgabeak ikustean. Izan ere, tronpak zerura begira zituztenez, bazirudien erruki eske zebiltzala.
Augustoren sasoian, Germanikok –Kaligularen aitak– ordaindutako ikuskizunean, zenbait elefante trebatu zituzten, Martzelo teatroko hareatzan zenbait trikimailu egin zitzaten. Badirudi elefanteek truku akrobatikoak egin zituztela eta, euren artean, soka esekitik ibili zirela.
Hartzak Antzinako Greziatik agertzen dira ikuskizunetan, bertan trebatutako animaliak erakusten zituzten-eta. Antzeko zerbaiten lehen nabaritasuna K.a. IV. mendekoa da. Ikuskizun horiek eta, geroxeago, Ptolomeo II.ak antolatutako basapiztien desfilea oinarria izan ziren, Erromako venationes-ak garatzeko orduan.
Erromako ikuskizunetan, hartzek gizakiek naturaren gainean duten kontrolaren adierazgarri izan nahi zuten. Inperioko lehenengo urteetan erabili bazituzten ere -Neronek 300 lehoi eta 400 hartz hil zituen ikuskizun bakarrean-, askoz ohikoagoak izan ziren garai erromatarraren amaierarantz, animalia arruntagoek basapiztia exotikoak ordezkatu zituzten-eta.
Hipopotamoak krokodiloekin iritsi ziren ikuskizun erromatarretara. Julio Zesarrek Egipton lortutako konkista eta Ponpeioren porrota eszenaratzeko erabiltzen zituzten. Handik gutxira, Augustok, lehenengo enperadoreak, testuinguru politikoan aurkeztu zituen berriro, Marko Antonio zein Kleopatra gailendu zituela eta Egipto konkistatu zuela iragartzeko.
Lehen aldiz, jirafak Erroman aurkeztu zituzten Zesarren garaipen-jokoetan, K.a. 46. urtean. Zesarrentzako propaganda politikoa ziren. Ponpeiok bere ikuskizunean aurkeztutako basapiztiekin lehiatu nahi zuen. Hain zuzen ere, Egipton lortutako garaipenaren eta Ponpeiok K.a. 48. urtean Farsaliako batailan jasandako porrotaren sinboloa zen jirafa.
Animalia hori zeharo ezezaguna zen Erroman. Hori dela eta, gameluaren eta lehoinabarraren arteko nahastea zela uste zutenez, gamelunabarra ere esaten zioten.
Tigreak bezala, krokodiloak garai errepublikarrean agertu ziren lehen aldiz eszenatoki erromatarretan, Julio Zesar, Ponpeio eta Krasoren triunbiratuan, hain zuzen ere. Hareatzara heldu baino lehen, Marcus Scaurus magistratu erromatarrak bost krokodilo erakutsi zituen horretarako eraikitako igeritokian.
Krokodiloak Egiptotik zetozenez, jendaurrean herrialdea konkistatu zuela erakusteko erabili zituen Zesarrek. Lehen aldiz, Augustok 36 krokodilo erakutsi zituen K.a. 2. urteko ur-borrokan, Flaminio Zirkua urez bete zuenean.
Erroman egindako eta ezagututako lehenengo venatio-a Fulvius Nobiliorrek ordaindu zuen K.a. 186. urtean. Kartago gailentzeko eta Erromaren eragina Afrikako iparraldean nahiz Asia Txikian hedatzeko garatutako kanpaina militarren arrakasta ospatzea izan zuen helburu. Animaliak protagonista zituen lehenengo ikuskizun horretan, lurralde konkistatu berrietatik ekarritako lehoiak eta lehoinabarrak erabili zituzten.
Sullak kimadun lehoien lehen borroka Erroman aurkezteko ohorea eduki zuen K.a. 93. urtean. Mauritaniako Boko erregearen oparia izan ziren.
Inperioaren amaierarantz, lehoiak eta lehoinabarrak ez ziren hain arruntak ikuskizunetan, venationes-en ondorioz basapiztien kopurua nabarmen jaitsi zelako harrapatu ohi zituzten eremuetan.
Oilarren borrokak ikuskizunik ospetsuenak izan ziren Antzinako Greziako gizonen artean. Batez ere, oso entzutetsuak izan ziren Atenaskoak. Bertan, gainera, egiaztatuta dago estatuak ordaindutako jendaurreko ikuskizunak egin zirela.
Hil arte borrokatzen ziren oilarren ankerkeria eta bortizkeria Ares jainkoarekin eta Atena jainkosarekin lotu ziren. Izan ere, sarritan, haien alboan agertzen ziren irudikapenetan. Era berean, oilarrek lotura handia zuten mundu militarrarekin, bi jainkotasunak gerrarekin eta borrokarekin lotutako zenbait kontzepturen adierazgarri ziren-eta. Soldaduentzat, borrokak entrenamendu militarrerako modu bat ziren, eta armadako goi-agintariek norgehiagokak ikusteko eskatzen zieten euren mendekoei, animaliak ikusita bataila-eremuan nola jokatu behar zuten ikas zezaten.
Antzinako greziarrentzat, oilarraren gandorrak antz handia zeukan kaskoetako gandorrarekin; eta ezproiek, metalezko puntez indartzen zirenak, lantzekin. Horrez gain, soldaduek bezala, irabazleak ohore guztiak jasotzen zituen, eta galtzaileak, bizirik bazirauen, erabat irainduta geratzen zen.
K.a. III. mendetik, ostrukek ikuskizun erromatarretan parte hartu zuten. Hasieran, animalia exotikoen erakustaldi publikoetan erabili zituzten arren, urteen joan-etorrian venationes-etan parte hartzen hasi ziren, baina, batez ere, garai inperial bete-betean.
Komodo enperadorea ospetsu egin zen, horrelako ikuskizunetan parte hartze aktiboa zuelako. Antza denez, ostruken abiadura handiari aurre egiteko eta dibertsioa areagotzeko, ilargi erdiaren forma zeukan gezi-punta berria asmatu zuen Komodok. Horrela, lasterketan, ostrukei burua moztu ahal zieten, eta ostrukek buru barik jarraitzen zuten korrika hareatzan.
Erromako lehenengo enperadoreak, Oktavio Augustok, bere aurreko errepublikarren antzera, basapiztien ikuskizunak erabili zituen bere azken konkista militarren eta hurrengo interesen propaganda egiteko.
Alde horretatik, Augustok tigreak lehen aldiz aurkeztu zituen Erromako hareatzan, Indiako azpikontinenteranzko joera zuela iragartzeko.
Osteko enperadoreek ere animalia horiek erabili zituzten, garaipenak, urteurrenak eta era guztietako ospakizunak ospatzeko ikuskizunetan. Batzuek, Klaudiok, esaterako, nola harrapatu zituzten eta Erromara nola eraman zituzten ere azaldu zuten. Alde horretatik, antzinako iturrietan enperadore erromatarrek nahiago zituztela tigre gazteak, helduak baino agertzen da.