Aharia

Enbaxadore asiriarrek bi ahari eta zenbait oihal daramatzate opari. Antzinaroan, ardiek eta ahariek ehun-gaiak egiteko lehengaia eskaintzen zuten. Asiriarrek bete-betean jardun zuten artilearen ekoizpenean nahiz merkataritzan. Euren merkataritza-sarearen erdigunea Asurreko hiriburu erlijiosoan zegoen. Bertatik, Anatoliako eskualderantz abiatzen ziren ibilbideak.

Ahuntza

Ahuntza Persepolisko jauregiko txoko askotan agertzen da. Errege akemenidoekin lotutako ohiko beste bi animalien aldean, badirudi ahuntzak ez zuela inolako esanahirik izan zoroastrismoarentzat.

Ardia

Ardiak janari-iturri nagusia izan ziren iraganean. Hori dela-eta, animalia preziatuak ziren benetan. Errege persiarrek, Antzinaroko beste errege batzuek bezala, azienda handiak zituzten gortearen eguneroko premiei aurre egiteko.

Persepolisen, Dariok jauregiranzko harmailadiak apainarazi zituen zenbait irudiren bidez: arkumeak errege-sukaldeetara zeramatzaten zerbitzariak, prestatutako beste plater batzuk, kopak eta edariak, hain zuzen ere. Berriro ere, irudiok agerian uzten dute animalia hauek antzinatik izandako garrantzia.

Gameluak

Gamelu arabiarrek edo dromedarioek konkor bakarra dute. Antza denez, Penintsula Arabiarrean etxekotu zituzten -horregatik dute izen hori- orain dela 4.000 urte inguru. Gameluek haragia, esnea eta ehun-gaiak egiteko artilea ematen zituzten. Horrez gain, garraiobide moduan ere erabiltzen ziren Ekialde Hurbileko lurralde elkorrenetan.

Inperio Persiarrean, armadako indarretan parte hartu zuten Ziro Handiaren erregealdiaz geroztik, K.a. VII. mendearen erdialdean, erregeak berak Lidia konkistatzeko erabili zituenean. Bere ondorengoak, Kanbisesek, Egiptora eraman zuen gamelua, Persiak Niloko herrialdea konkistatu zuenean.

Persian hazitako gameluak, ostera, ez zeuden arabiarrak bezain ondo egokituta basamortuko zeharkaldi luzeak egiteko. Hori dela-eta, Persepolisko audientzietan eskaintzeko moduko opari aparta ziren, Arabiako mezulariek Apadanan egiten zuten bezala.

Gamelu baktriarra

Gamelu baktriarra, bi konkorduna, Antzinaroko animalia preziatuenetakoa izan zen. Ezaugarri fisiko bereziak zituenez eta erresistentzia handikoa zenez, zamabere baloratuena zen Inperio Persiarra ekialdearekin lotzen zuten karabanetan.

Gamelu baktriarra ondo baino hobeto egokitzen da erabateko klima-aldaketetara. Muturreko tenperaturak jasaten ditu, hau da, hotz zorrotzena nahiz bero kiskalgarriena. Horrez gain, hilabeteak ematen ditu urik edan gabe, eta orduko 65 kilometroko abiadurara iris daiteke. Inolako zalantzarik gabe, ezaugarri horien ondorioz, funtsezkoa izan zen Inperio Persiarran, non lurraldeak ikuspegi klimatologikotik hain desberdinak ziren.

Persepolisko Apadanako eskaileran, mezulari baktriarrak agertzen dira, eta opari baliotsu hau daramakiote Persiako erregeari.

Lehoia

Aurreko garaietan bezala, lehoia Persiako Inperioan ere izan zen sinbolismo eta esangura bereziko animalia, erregeei dagokienez. Erregeak bakarrik harrapatu zezakeen, eta horrelaxe irudikatu zen garai hartako artean.

Sarritan, lehoiaren eta erregearen arteko norgehiagoka zuzena irudikatzen da, eta erregeak labana sartzen dio urdailean. Halakoetan, anabasaren ideiaren sinboloa izango da lehoia, eta inperioko ordena berrezartzen duena izango litzateke erregea.

Mandoa

Gorte persiarra nomada zenez, hainbat animalia behar zituen garraiorako. Batzuek, zaldiek adibidez, pertsonarik ohoretsuenak garraiatzen zituzten. Beste batzuek, ordea, astoek eta mandoek adibidez, gorte osoa zeramaten bagoi handiak mugiarazi behar izaten zituzten.

Apadanako erliebeetan, Indiako enbaxadoreek mandoa eskaintzen diote erregeari. Dena dela, kronika persiarretan adierazten den bezala, ez ziren erregeari opari hori egiten zioten bakarrak. Jakin badakigu kapadoziarrek, esaterako, ardiz eta mandoz osatutako urteko zerga ordaindu behar zutela.

Okapia

Persepolisko Apadanako ordezkaritza etiopiarrak daraman animaliak eztabaida handia sorrarazi zuen, berau identifikatzeko orduan. Badirudi jirafa, okapia edo nilgaia -antilope indiarra- izan daitekeela.

Azken hori izango balitz, etiopiarrek Asiako animalia hori erosiko zuten erregeari oparitzeko, euren lurraldeko animaliaren bat eskaini beharrean. Bestetik, baliteke ordezkaritza hori Itsaso Gorritik etorri izana eta espezieak ordura arte biziraun izana.

Zaldia

Persiako herria nomada zenez, zaldiak ezin garrantzitsuagoak ziren. Zaldi persiarrak, nisanoak batez ere, preziatuenak izan ziren euren lerdentasun eta dotoretasunagatik. Zaldi hauek lau hiriburuetako baten inguruko lautadetan hazten ziren, Ekbatanan hain zuzen.

Antzinako inperio persiarreko zenbait bizilagunen gizarte-mailaren ageriko sinboloa ez ezik, zaldiak armadaren funtsezko osagaia ere baziren, eta gortea errege-etxe batetik bestera eramateko ere erabiltzen ziren.

Animalia horren garrantzia nabaria da Persepolisko Apadanan sartzeko eskaileran. Bertan, irudikatutako 23 ordezkaritzetatik zazpik zaldiak eskaintzen dituzte opari moduan. Horrez gain, zaldiek tiratutako gerra-gurdiak eskaintzen ere agertzen dira lidiarrak nahiz libiarrak.

Zezena

Lehoiaren antzera, zezena esangura sinboliko bereziko animalia zen mundu persiarrean, eta bere irudia nonahi dago irudikapen artistikoetan.

Zoroastroren erlijioaren arabera, lurrean bizi izan zen lehenengo animalia zen zezena. Bere haziak landare asko sorrarazi zituen, eta bere gernua arazteko elementu garrantzitsua zen Persiako erritualetan. Araztasunaren sinboloa zenez eta animalia babesle nagusia zenez, Persiako erregetzaren sinbolotzat hartzen zuten zezena.

Persepolisen, zezena nonahi dago irudikatuta. Zezen erraldoiak jauregirako sarbidea apaindu eta babesten zuten Nazio Guztien Atetik sartzean. Era berean, zezenak apaingarri moduan ere erabili zituzten Entzunaldien Aretoari edo Apadanari eta Tronuaren Gelari eusten zieten zutabeetako zenbait kapiteletan.