Alderdi teknikoak

Alderdi teknikoak

Gauza asko prestatu eta erabaki ugari hartu behar ziren, Grand Tourreko bidaiariak urtebetez etxetik kanpo eramaten zituen bidaiaren aurretik eta bidaian bertan.

Bidaia hasi baino askoz lehenago, prestaketa-lanak hasten ziren, bisitatu beharreko tokien inguruko informazioa bilatu eta aztertuta. Fase horretan, ez ziren falta Tourreko hiri nagusietan ostatua bilatzeko eta intereseko kontaktuak egiteko gutunak. Hasierako kontu horiez gain, Europako estatuak zeharkatzeko beharrezko garraioa eta dokumentazioa ere prestatu behar ziren.

Abentura berri honi ekiteko prest zeuden turisten beste kezketako batzuk ziren ekipajea, ibilbide osoan zehar dirua edukitzea eta bidaia osoko mantenua.

  • Plangintza
  • Dokumentazioa
  • Garraioa
  • Ostatua
Hiri nagusiak

Hiriak

Grand Tour ibilbidea egiten zuen edozein pertsonak Italiako lau hiri bisitatzen zituen: Florentzia, Erroma, Napoli eta Venezia. Aurreko eta ondorengo garaietan ez bezala, XVIII. mendean, benetako ibilbidea zen bidaia, hainbat etapatan banatuta, eta lau hirietan egiten ziren egonaldiek iraupen ia zehaztua izaten zuten turista gehienentzat. Hala ere, jakina, bakoitzak hirietako egonaldia laburtu ala luzatu zezakeen, bere gustu eta beharren arabera.

Hiri bakoitzak hainbat aukera eskaintzen zizkion bidaiariari. Florentzian arte-bilduma garrantzitsuak aurkitu zitezkeen, britainiarrak etxean bezala sentiarazten zituen giro atseginean. Erroma, aldiz, bertan pilatuta zeuden antzinatsuneko aztarna ugariak miretsi eta aztertzeko bisitatzen zen soilik. Napoli, garaiko Italian biztanle gehien zituen hiria, bereziki erakargarria zen kokapen geografikoagatik (Vesubio ondoko badia batean) eta inguruan zuen naturagatik; Venezia, berriz, oso famatua zen, batez ere, bertako jaiengatik.

Itinerarios

Ibilbideak

XVIII. menderako, Italiara egiten zen bidaia guztiz kanonizatuta zegoen, eta ondo zehaztutako ibilbideak jarraitzen ziren; bidaiari batengandik bestearengana apenas aldatzen ziren bideak. Aldaketa arinak egin zitezkeen etapen hurrenkeran, edo haiei zegozkien urtaroetan, bisitatu beharreko hirietan ikuskizun eta jai zehatz batzuekin batera izateko, baina oinarrizko ibilbidea berbera izaten zen gehienetan. Hainbesteraino, non bidaia prestatzeko erabiltzen ziren gidaliburuetan, ibilbide kanoniko horretatik kanpo geratzen zen lurraldea seinalatu ere ez baitzen egiten, eta terra incognita moduan agertzen baitzen.

Ibilbide nagusiak Italiara sartzeko bideak eta bidaiari orok ezinbestez bisitatu behar zituen lau hiriak -Florentzia, Erroma, Napoles eta Venezia- elkarren artean lotzen zituztenak ziren.

  • Alpeak zeharkatzea
  • Iparraldetik Florentziara
  • Toskanatik Vatikanoko estatuetara
  • Napolirantz
  • Erromatik Venetora
  • Itzulbidea
Glosarioa

GLOSARIOA

Valet de place

Frantsesezko izendapen hori ematen zitzaion bisitatzen zen toki bakoitzean gida eta bitartekari jarduten zen pertsonari.

Lazzaroni

Napolesko erreinu eta hiriko gizarte-klase xeheenak aipatzeko hitza.

Veduta

Termino italiar honek “bista” esan nahi du, eta, artean, hirien paisaiak izendatzeko erabiltzen da.

Connossieur

Frantsesezko hitza, artean, historian edo gastronomian jakintza handia duten pertsonei eta gustu-arloan adituak direnei deitzeko.

Serenissima

Veneziako Errepublikari ematen zaion goitizena.

Nápoles

Napoles

Hiri hau golkoaren inguruan eraiki zen anfiteatro baten gisa, eta unibertsoko ikuspegirik ederrena du. Ez dut uste Konstantinoplak Napoli gainditzen duenik zentzu honetan. Nire leihoetatik nire inguru osoan ikusi ahal izan nuen itsasoaren zabaltasun osoa, eta, hondoan, ekialderantz, Vesubioa eta mendebaldean Posillipo. Gauez sumendia dar-dar egiten ikusi nuen; aitzitik, egunez kezko zutabea zerion etengabe.

Charles Duclos. Voyage en Italie.

Grand Tour delakoaren bidean zegoen italiar hiri bakoitza arrazoi batengatik edo besteagatik nabarmena zen bisitariarentzat. Napoles hiri polita zen batez ere, toki paregabean zegoen, klima egokia zuen, emankorra zen eta bizia. Baina kontakizunetan aipatzen zenean ez zen bertako ondareagatik –300 eliza baino gehiago zituen– edo iraganagatik izaten. Bertako jendea eta bizimodua aipatzen ziren, batez ere, bidaiarien kontakizunetan: zarata, superstizioa eta nagitasun orokorra, bai eta lazzaroniak ere, Napolesko kaleak ia estaltzen zituzten eskaleak; bidaiarien hainbat kontakizunetako protagonista bihurtuta, gero.

Napolesek erakargarritasun- eta arrisku-dosi egokia eskaintzen zien turistei, eta horrek erakargarri eta, aldi berean, desiraezin bihurtzen zuen. Ez soilik lazzaronien beldur zirelako edo, are, Vesubioa berriro esnatuko zen beldur, baizik eta katolikoa izan arren, Napoles –Italiako beste hiri asko bezala– oso moral erlaxatuko hiria zelako.

Napoles zen biztanle gehien zuen Italiako hiria, eta, horren ondorioz, bidaiariek hiri horretan besteetan baino zaletasun handiagoa zuten jendeari begira egoteko, hainbeste jende zegoenez, beti beteta baitzegoen. Kaleengatik ere ezaguna zen Napoles, hiriko ia eraikin guztiek azkeneko solairuan zuten terrazengatik, eta, batez ere, antzerkiagatik. Garaiko azalpenen ondorioz, Napolesko hiritarrei buruzko klixeak sortuz joan ziren, eta mendeetan zehar mantendu dira britainiarren buruan.

Baina Napoles, ezer baino gehiago, kontraste nabarmenen hiria zen. Kaleak jendez gainezka egoten ziren, eta jende multzo horrek segurtasun gabezia sortzen zuen kanpokoengan; etengabe aipatzen zituzten lapurretak eta indarkeria. Sentsazio hori are handiagoa zen ospakizun erlijioso handietan, adibidez, San Gennaro egunean. Esan bezala, britainiarrek superstiziotzat jotzen zuten Napolesko bizilagunek erlijioarekiko zuten gogo bizia, baina ekintza batzuen zeremonialtasuna erakargarria zitzaien eta tokiko ohiturak ikusteko aukera paregabea zuten.

Napolesko biztanleak izaten ziren bidaietako gutunen eta narrazioen gai nagusia, baina, Erroman bezala, hemen ere bisitari britainiarrek arazoak izan zituzten tokiko nobleziarekin harremanak izateko. Florentzian bezala, hemen William Hamilton zuten; diplomatikoa, antikuarioa, arkeologoa eta bulkanologoa. Bisitari britainiarrak pozik uzten zituen bere festa eta antzezpen bitxiekin, baina ezin izan zuen erabat bota britainiarren eta Napolesko aristokraten arteko harresia.

Jendea eta ohiturak ikusteaz gain, turista britainiarren interesa Napoles inguruan zegoen, hirian bertan baino. Vesubio nahitaez ikusi beharrekoa zen denentzat. Sumendi ospetsura igotzea abentura hutsa zen, eta emakumeek ere har zezaketen parte.

Bestalde, Pompeya, Herculano eta Estabia hiriak aurkitu berriak ziren, eta turistek erromatarren garaiko bizimodua ikus zezaketen; Erroman ikus zitekeen Errepublikaren eta Inperioaren gloriarekin zerikusirik ez zuen bizimodua zen ikus zitekeena. Egunerokotasun hau izan zen Italiara joaten ziren emakumeengan interesik handiena sortu zuena, aurkikuntza arkeologikoak askoz gertukoagoak baitziren beraientzat.

Roma

Erroma

Artista bakoitzak berezkoa du edertzeko grina, eta grina horrek konposizioz bete ditu Erromako paisaien grabatuak, bertako aurriak eta arkitektura puztu ditu, edo horiek dauden tokiak gehiegi zabaldu ditu, eta, hori dela eta, argitalpenetan ikusitakoekin itxaropenez betetako atzerritarra asko dezepzionatuko da.

John Forsyth. Remarks on Antiquities, Arts and letters, During an excursion in Italy in the years 1802 and 1803.

Erromak espektatiba handiak sortzen zizkien bisitariei, eta askotan asko dezepzionatzen zituen. Bidaia hasi aurretik, turistak asko trebatzen ziren antzinateko arteari, kulturari eta historiari buruz. Antzinatean ospetsu izandako toki haiek ezagutzeko grinaz iristen ziren Erromara, baina ez ziren ohartzen toki horietako asko aurri egoeran zeudela. Irudimena ezinbestekoa zen hiriari begiratzeko, izan ere, plazeraren zati handi bat esanahi historiko berezia zuten tokietan egotean zetzan, lehen esan bezala.

Hirira iristen ziren bisitariek hiru Erroma erabat desberdin izaten zituzten begien aurrean: antzinakoa, modernoa eta kristaua. Lehenengoa zen erakarpen handiena zuena, eta azkenekoa alde batera uzten zuten, britainiarren esanetan superstizio katolikoaren zuzeneko adierazpena baitzen. Erroma modernoa, aldiz, Estatu Pontifikalen absolutismoaren adierazlea zen, baina hori bisitarien begiradetatik libre geratzen zen hein batean, bere hirigintzako diseinuaren eta eraikinen handitasunari esker.

Antzinako Erroma ikustea izaten zen turista britainiar ororen lehenengo misioa hirian. Eta, horretarako, gidari espezializatu bat kontratatu behar izaten zen ezer baino lehen, ibilbideak antolatzen zekiena eta ezinbestekoa ez zen oro baztertzen zuena. Hiria oso handia zen –bere harresiak 38 km baino gehiago ziren luze–, eta aurri eta antzinateko bilduma ikaragarria zegoen; beraz, ezinbestekoa zen ikustaldiak zehatz-mehatz planifikatzea. Diru gehien zutenek gidari bat edo antikuario bat kontrata zezaketen; horrenbeste diru ez zutenek euren ikustaldiak valet de place batekin antolatu behar izaten zituzten edo garai hartan argitaratzen ziren gidetako batekin.

Garaiko espiritu antikuarioari jarraiki, Erromaren bildumak egiten ziren. Aurrietara edo zaharkinen bilduma handietara egiten ziren ikustaldietan, zehatz idazten ziren zenbat zutabe zeuden, zer materialekin egindakoak ziren edo bilduma honetan edo beste hartan zenbat domina zeuden.

Erroma modernoak, aldiz, beste erakargarritasun bat izan zuen turista britainiarrentzat. Askotan, Kapitoliora baino lehenago joaten ziren Vatikanora. Arreta berezia eskaintzen zitzaien hiriaren berrikuntza lanei. Lan horiek XV. mendetik aurrera hasi ziren, eta aita santuek eta nobleziak lagundu zituzten diruz. Aldi berean, gogoan izan behar da Erroma modernoaren beste erakargarritasun handi bat: maisu handiek XV. mendeaz geroztik ekoitzitako margolanak –Errenazimentu hitza ez zen erabili ingelesez XIX. mendeko 30eko hamarkadara arte–. Zaharkinekin gertatu bezala, margolanen arloan ere hierarkia zegoen. XVIII. mendeko Erroman baloraziorik handieneko lau margolanak hauek ziren: Rafaelen Antzaldaketa, Domenichinoren San Jeronimoren Jaunartzea, Andrea Sacchiren San Romualdoren Begiespena eta Daniele da Volterraren Jaitsiera.

Ikusten denez, Erroma hiri monumentala zen. Beharbada horregatik eta tokiko noblezia Florentziakoa bezain abegitsua ez zelako, bertaratzen zirenek ez zieten arretarik eskaintzen jendeari buruzko azalpenei. Kontakizunetan aipatzen diren aldi bakanetan, jendearen indarkeria eta gizatasun txikia nabarmentzen dira. XVIII. mendeak aurrera egin ahala, kronikek gero eta gehiagotan aipatzen zituzten higiene gabezia, lurzoru txarra, zikinkeria eta hiriko usain txarra; aita santuen absolutismoaren aurkako kritika zuzena zen, erregimen politiko britainiarraren beste muturrean baitzegoen; izan ere, britainiarrak Europako buru ziren osasunari eta higieneari zegokienean.

Florencia

Florentzia

Herenegun, Florentziara iristeko Apeninoak jaisten nituen bitartean, nire bihotza bortxaz ari zen taupaka. Hau umekeria! Azkenik, bide-bihurgune baten atzetik, nire begiek, ordokian murgildu, eta urrunetik begietsi zuten, masa ilun baten gisa, Santa Maria del Fiore eta bere kupula sonatua, Brunelleschiren maisulana.

Stendhal. Rome, Naples et Florenca.


Florentzia, Firenze italieraz, lirio gorria etrurieraz (...). La bella izengoitia hartu du, merezimendu osoz. Ordoki jori, eder eta zabal batean altxatzen da, Apeninoek inguratuta. Arno ibaiak (...) zeharkatzen du, eta lau zubi dotorez edertzen da. Plazak zabalak eta ugariak dira; kaleak, Toscanako beste edozein hiri handi batekoak bezalakoak, garbiak eta lauzekin bikain zolatuak; eta eliza guztietako fatxadak amaituta baleude, ezerk ez luke inola ere gaindituko Italiako Atenas honen dotorezia.

Mariana Starke. Information and Directions for travellers on the continent.


Ibilbideko lau hiri nagusien artetik, ziurrena, Florentzia izan zen abegitsuena bidaiari britainiarren begietara. Erromak, Napolesek eta Veneziak ez bezala, Florentziak ez zuen aurretiaz itxaropenik sortzen bidaiariengan, eta, beraz, normalean ez zien huts egiten. Florentziara ia soil-soilik joaten zen Toscanako dukeen arte-bildumak ikustera. Turistek aukera izan zuten lehenago bilduma horiekin ohitzeko, XVI. mendetik aurrera estanpen eta grabatuen bildumak ugaldu zirelako. Eta, Erroma edo Venezia hirietako vedute-ekin gertatzen zenaz bestera, aldatuta egon arren, batzuetan estatuak haiexek izaten ziren, ez bertsio idealizatuak.

Gainera, hiriak hainbat erosotasun eskaintzen zizkien bisitari britainiarrei, aintzakotzat hartu beharrekoak. Lehenik eta behin, garbitasuna, hainbeste zeresan sortu zituena garai hartako gidaliburuetan, bidaia-liburuetan eta gutunetan. Baten batek esan ere egin zuen "kaleak hain egoten direla garbi", non beldur izaten baikara zikinduko ote ditugun, eta ez, berriz, zikinduko ote garen haietatik ibiltzean". Kale nagusietako zoladura eta trazadura zuzena goraipatu ohi zen (bisitari gutxi ausartzen zen hortik harantz jotzen, Erdi Aroko hiriaren aldeetara).

Florentziak zituen beste erakarpen handienetako batzuk ziren bizitza sozial zalapartatsua eta bertako buruzagi politikoek bisitari britainiarrei besoak zabalik harrera egiteko zuten joera. Cosimo III de' Medicik harreman estuak izan zituen Britainia Handiarekin, gehienbat Livornoko portuan britainiarren merkataritzako interesak babesteko asmoz. Politika horri esker, britainiarrek gutxiago kritikatu zuten medicitarrek haien jabetzetan zerabilten absolutismoa. Bestetik, 1740tik aurrera, britainiarrek herrialdetik kanpoko etxe bat izan zuten Florentzia hirian, hain zuzen, Sir Horace Mannen egoitzan. Diplomatiko britainiarra Florentzian bizi izan zen 1786an hil zen arte, eta bere harremanek zubi-lana egin zuten bertako gizartearen eta bisitarien artean. Beste hiri batzuetan gertatzen zenaz bestera, florentziarrek duda izpirik gabe egin zieten harrera turistei beren bilera sozialetan, eta bertako bizitza sozialean izandako gertakari nagusien berri eman zieten.

Azkenik, ziurrena, Florentziak zituen ostaturik onenak, bisitatzen ziren hiri guztiekin erkatuta, eta hori izaten zen, izan ere, Italiara bidaia egiten zuten guztiek zuten kezka handienetako bat. XVIII. mendetik aurrera, gainera, hirian kokatutako britainiarrak izan ziren ostatu horietako askoren arduradunak.

Venecia

Venezia

Azkenean... bere kaleetan sartutakoan… ez dorreren bat edo gotorlekuren bat igaroz, baizik eta itsaso indianoko koralezko bi hormaren artean dagoen senadi batetik; lehen aldiz, bidaiariaren begien aurrean zutabedun jauregi errenkada luzea agertutakoan –bakoitzak bere ontzi beltza atean ertzeratuta–, bakoitza bere irudia islatuz, zoru berdearen gainean, haize bolada bakoitzak desegin eta berriro ere fantasia aberatsak sortu arte; lehenengo aldiz ikuspegi bikain haren atzean Rialto itzaltsuak bere kurbadura pixkanaka gainera igortzean; kurbadura fina, diamantezkoa, mendietako leizea bezain indartsua, tenkatutako uztaia bezain segaila… eta, azkenean, itsasontzia gezia bailitzan itsaso zilarreztatuaren azalaren gainean mugitzean eta itsaso horren aurrean Palazzo Ducalaren aurrealde sanginez zeharkatua Nostra Signora della Saluteren kupula zuriari begira ikustean, ez zen harritzekoa burua galdu ahal izatea ikuspegi eder eta inoren harekin, eta bere historiaren eta izatearen egia kezkagarriaz ahaztea

John Ruskin. The stones of Venice.


Noblezia britainiarraren ia etxe guztietan zegoen Veneziako vedutaren bat zuen margolan bildumaren bat. Canalettoren obretan inspiratutako ikuspegi horiek aristokrazia britainiarraren bildumetarako objekturik preziatuenak izan ziren XVIII. mendearen hasieratik. Bidaia hasi aurretik margolan eta grabatu horien bidez ezagutzen zituzten bidaiariek Veneziako alderdi desberdinak. Alabaina, margolariek beren baliabide artistikoen bidez islatu zuten hiri idealizatuak zerikusi txikia zuen egiazko Veneziarekin.

Erromara legez, Veneziara ere espektatiba handiegiekin iristen zen jendea. Batez ere beste inongo hiriren antzik ez zuelako. Orografia aparta zuen, eta bertako Errepublika harro zegoen bere historia luzean inongo indarrek mendean hartu ez zutelako, defentsarako harresirik izan ez arren. Veneziarrek esaten zuten eurak zirela antzinako erromatarren egiazko oinordekoak.

Veneziara itsasoz iristen zen beti. Hiriko eraikinik enblematikoenak pixkanaka jartzen ziren ikuslearen begien aurrean, eta bat-batean eraikinak eraldatu egiten ziren ikuslearen begientzat, eta gaizki antolatutako masa asimetriko bihurtzen ziren. Ponte Rialto bezalako toki esanguratsuak merkatuz beteta zeuden, eta bere itxura aldatu egiten zen. Oro har, turista Venezian sartu ahala, hiria erakargarritasuna galduz joaten zen.

Erromak edo Florentziak monumentuak edo bilduma garrantzitsuak zituzten turisten interesa erakartzeko, baina Veneziak ez zuen horrelakorik. Egia zen margolan garrantzitsuak zituela, baina britainiarrentzat ez ziren Rafael Sanzioren lanak bezain liluragarriak. Piazza San Marco zaharkituta zegoen XV. mendeaz geroztik berreskuratutako forma klasiko berrien atzetik zebiltzan turistentzat. Forma gotikoen artea, eta, are gehiago, bizantziar inspiraziokoa, erabat aurka jarrita zegoen britainiar connossieursen gustuekin.

Literaturako oroitzapenen hiria zen Venezia, batez ere, turistentzat. Prosa britainiarreko bi tragediarik ospetsuenak han gertatzen ziren:Thomas Otwayren, Venice Preserv'd eta William Shakespeareren Veneziako Merkataria. Erroman gertakari historikoak izan ziren tokian bertan bizitzeko aukera zuten turistek, eta Venezian ezagutzen zituzten obretako eszenak gogorarazten zituzten.

Bisitarientzat, Venezia berezia zen zentzu guztietan. Etxeak uraren gainean zeuden, ia ez zegoen ohiko kalerik, garraio guztia urez egiten zen, eta ia ez zegoen zaratarik, gondolariren baten abestiak izan ezik. Egunak igaro eta hasierako zirrara gainditu ondoren, beren eguneroko bizitzarekin alderatuz gero zegoen kontrastea gaindiezina izaten zen. Zaratarik ez zegoelako kexu ziren batzuk, beste batzuk gondolen itxuraz ziren kexu, formagatik eta kolore beltz distiratsua zutelako, ur gainean zebiltzan hilkutxak baitziruditen. Gainera, bisitariak ez ziren gondolariez fio, toki guztietan zegoen Hamarreko Batzorde beldurgarriaren espioiak zirela uste zuten, edo hiriko proxenetarik handienak zirela.

Ondorioz, turista britainiarrek egun gutxi batzuk baino ez zituzten egiten, pare bat aste gehienez ere, eta oso ongi aukeratu behar izaten zuten urte-sasoia, Venezia erabat aspergarria eta graziarik gabekoa ez iruditzeko. Hirian antolatzen zen jaialdiren bat egokitzea zen onena, jaialdi ugari izaten baitzen; ia urtearen erdia jaialdiz beteta zegoen. Ohikoena zen Inauterietan, Sensa jaialdian, maiatzean edo urtearen amaierako Maskaradetan joatea hirira. Horrelakoetan, mota guztietako dibertsioak egoten ziren jendearen esku; hasi antzerki eta kontzertuekin, eta arraunlari, jolas edo edozein motatako jarduera lizunetara arte. Jaialdi horiek erakargarriak ziren bisitarientzat, baina ez ziren hain erakargarriak horien familientzat, eta eskutitzez lasaitu behar izaten zituzten etengabe. Etxean geratzen zirenak neurrigabeko gastuaren eta dibertsioaren beldur bizi ziren.

Hala ere, gizarteko bizitza eta tokiko aristokraziarekiko harremanak ez ziren oso erakargarriak, veneziarrek ez baitzuten kanpokoekin nahasterik nahi, eta noizean eta behin baino ez zituzten izaten conversazioni-ak, Piazza San Marcoko kafetegiren batean topo egindakoan.

Amaitzeko, XVIII. mendeko kroniketan, hiria ospetsu egin zen bere zikinkeria eta usain txarragatik. Ohiko kexa zen kaleak gorozkiz eta gernuz estalita zeudela, herritarrek egokien iritzitako tokian uzten baitzituzten. Serenissimak bertako biztanleei emandako askatasun bakarrenetako bat zen, eta horiek aprobetxatu egiten zuten. Kontakizun britainiarren arabera, Palazzo Ducaleko eskailerak ere gorozkiz estalita egoten ziren.

Plangintza

Proiektua

Grand Tourra egiteko garaian XVIII. mendean turisten helburuak aldatzen joan baziren ere, gazteen heziketa osatzea zen hasierako asmo nagusia, betiere, haiei helduen gizartean bete-betean parte hartzen hasi beharra egokitu aurretik. Hori zela eta, tentu handiz prestatu behar izaten zen Italiarako bidaia, gehienetan irteteko eguna baino hilabete asko lehenagotik hasita.

Gazteak unibertsitatean ikasiak izaten ziren ordurako, baina asko irakurri beharra zuten artean ere, antzinatasun klasikoaren inguruko gaiei buruz batik bat, Italian zehar aurkituko zuten guztiarekin ohitzen hasteko. Jakina, bidaiako alderdi praktikoei buruzko gidak eta oinarrizko ideiak lortu behar ziren, eta, horrez gain, eskura izan beharko zen atzerrira joateko dokumentazioa, garraioa, ostatua eta dirua.

Prestaketen barruan, aurrekoak bezain garrantzitsua zen ikasteari eskainitako ekipaje-atala eskuratzea eta prestatzea. Garai hartako bidaiari britainiarrak jakin-min asegaitzekoak ziren, era guztietako fenomenoak behatzen zituzten, eta, aldi berean, bildumazale sutsuak ere baziren. Horregatik, aldean eramaten zituzten era guztietako erloju, sextante, termometro, barometro, teleskopio eramangarri eta abarrak; ahaztu gabe, noski, bisitatzen zituzten lekuak irudikatzeko behar ziren pintura eta marrazketako tresnak.

Ekipajea

XVIII. mendean bidaiatzea oso desberdina zen gaur egungo moldearekin alderatuta. Gehienetan, urtebete baino gehiago eman behar zuten etxetik kanpo, eta, beraz, turistek egundoko objektu piloa prestatu behar izaten zuten aldean eramateko.

Garai hartako gidek gomendatzen zutenaren arabera, askotariko tresna ugari biltzea komeni zen, ahalik eta ustekabeko gehienei aurre egiteko. Lehenik eta behin, ekipajearen barruan izaten ziren, jakina, arropa, oinetakoak eta osagarriak, bereziki azpimarratuta Alpeetako zeharkaldirako hotzetarako arropa eta zola malguko oinetakoak, kortxozkoak izanez gero hobe, oinak Italiako lurzoruetako marmolaren eta adreiluaren hotzetik babesteko.

Bideko ostatuetako baldintzak elkarren artean hain desberdinak izanik, ohe-jantzia ere eraman ohi zen, eta zenbaitek etzalekua ere eransten zuen, oherik okerrenak harekin ordezkatu ahal izateko. Horren harira, ekipajean kisketa eramangarri bat izatea ere gomendatzen zen, Italiako gelek ez baitzuten sarrailarik.

Sukaldeko oinarrizko tresnak eta produktuak ere eramaten ziren: elikagaiak berotzeko ontziak, tea, azukrea, mahai-tresnak eta antzeko trepetak. Nezeser-botikinari eskainitakoa zen ekipajeko beste atal garrantzitsuetako bat. Bertan sartuta izaten ziren era guztietako prestakinak, oinarrizko sendaketak egiteko, beherakoak eta okadak tratatzeko edo ura arazteko prestatutakoak, eta haiekin batera likidoentzako neurriak, bidaiako balantza (pisuekin) eta motrailu txiki bat.

Dokumentazioa eta dirua

Pasaporteak, bisak eta osasun-txartelak

XVIII. mendean, pasaportea ez zen nahitaezkoa bidaiari britainiarrentzat, baina oso komenigarria bai, muga-postuetan itxaronaldi eta ikuskatze gogaikarriak saihestu ahal izateko. Bidaiariek euren dokumentuak eskura zitzaketen, bai jatorrizko herrialdean bertan, bai eta Parisko enbaxada ingelesean, Frantziako Barne Ministerioan edo Prefekturan ere.

Nolanahi ere, hori bai, XVIII. mendeko turistek ezinbestez behar izaten zituzten bisitatu nahi zituzten edo alderik alde zeharkatu behar zituzten Italiako estatu bakoitzeko sarrera-bisak. Bisak estatu horietako kontsul- eta diplomazia-ordezkaritzetan eskatzen ziren, muga bakoitzetik hurbilen kokatuta zeuden hirietan.

Beharrezko dokumentaziorik ez izatea, legez kanpokoa izateaz gain, oztopoa izaten zen zaldiak eta zalgurdiak alokatzeko eta ibilbideko bentetan egonaldia kontratatu ahal izateko.

Beste alde batetik, Italiara itsasoz iristen zirenek osasun-txartela izan behar zuten eskura, berrogeialdia egin beharrak ekar zezakeen atzeratzeko arriskua saihestu ahal izateko. Itsasoz iritsitakoei eskatzeaz gain, epidemiaren bat adierazitako herrialde batetik zetozen turista guztiei ere eskatzen zieten dokumentua.

Bidaia finantzatzea

Grand Tourra egiteko, diru-kopuru izugarria behar izaten zen. Gehiegizko gastu hori izan zen bidaiaren gaizki-esaleek haren aurka jotzeko erabiltzen zuten kritikarik gogorrenetako bat. Hala eta guztiz ere, ibilbidea programatzeko erak eragin nabarmena izan zezakeen bidaiaren azkeneko kostuan.

Hiri handietan egonaldi luzeak eginez gero, prezio baxuagoak lortzeko aukera izaten zen, bai ostatua lortzeko, bai eta mantenurako ere. Sarri mugituz gero, berriz, gai horiek asko garestitzen ziren. Kontuan izan beharreko beste puntu bat ostatua lortzeko negoziazioa zenbat lehenago lotu izaten zen, bai eta diru-tratuan aritzea bera ere. Britainiarrek apenas zuten ohiturarik prezio-tratuan aritzeko, baina, tratuan arituz gero, kostu batzuk asko jaitsi zitezkeen.

Hala ere, garraioa izaten zen bidaia gehien garestitzen zuen atala. Estatu gehienetan, garraio publikoaren prezioak neurri handi batean finkatuta egoten baziren ere, beste gastu asko erantsi eta metatu zitezkeen oinarrizko tarifa horietan, eta kostua igoarazi egiten zuten. Beste alde batetik, bidaia norbere zalgurdian edo alokatutakoan eginez gero, kontuan izan behar ziren ibilbideko posta eta ostatuen prezioa.

Horiek horrela izanik, bidaiarientzat ezinbestekoa zen dirua eskura izatea ibilbide osoan zehar. Nolanahi ere, haietako gutxik aukeratzen zuten soinean kopuru handiak eramatea. Hori egin beharrik ez izateko, bi aukera izaten zituzten turistek. Lehenengo aukera garai hartako kreditu-sistemak erabiltzea zen. Londresko banku batean dirua sar zitekeen, eta, bidaiariak atzerrian bisitatzeko asmoa zuen hirietan, Londresko banku horrek hitzarmenak lotuta zituen erakundeetan gauzatzeko ordaintze-aginduak eman. Kontinenteko bankuek bidaiariak eskatutakoa betetzen zuten orduan, eta Londresko erakundeak ordaindu egiten zien. Bigarren aukeraren arabera, aldiz, truke-letrak erabiltzen ziren. Aparteko kasuetan, turistek maileguak eskura zitzaketen, atzerrian bizi ziren herrikideengandik, bai eta beste turista batzuengandik ere.

Dena dela, bere beharrak asetzeko nahikoa diru lortzeaz gain, bidaiariak ezinbestean ohitu behar zuen erabili behar zituen moneta-sistema guztiekin, bai eta bisitatuko zuen herrialde bakoitzeko diru-trukerako tarifarekin ere.

Garraioa

Ibilgailuak

Grand Tourreko funtsezko alderdietako bat zen hau, hain zuzen, denborarik gehiena bidaiatzen ematen baitzen. Bidaiariak horren inguruan hartu beharreko lehenengo erabaki garrantzitsua bidaiarako erabili nahi zuen ibilgailuari buruzkoa zen. Hiru aukera izaten zituen turistak. Norberak bere zalgurdia erabiltzea zen lehenengoa. Hori hautatzen baldin bazuen, aurrena, garai hartako giden arabera, zehatz-mehatz prestatu behar zuen ibilgailua, eta, gida haietan ohartarazten zenez, karroza ingeles egoki bat zen aukerarik onena. Nolanahi ere, aukerarik garestiena zen hori, zeharkatzen edo bisitatzen zen estatu bakoitzak aduana-tasa kobratzen baitzuen, ibilgailua sartzen uzteko.

Bigarren hautabide bezala, Kanala zeharkatutakoan zalgurdi bat alokatu zitekeen, gidari eta laguntzaileekin. Ohikoena Calaisen bertan egitea izaten zen, baina batzuek, handik Parisera garraio publikoan joan, eta hiriburuan kontratatzen zuten bertatik aurrerako ibilbidea egiteko garraioa. Prozedura hori erabiltzeko, fidantza bat utzi behar zen ezinbestean, eta Grand Tourraren itzuleran zalgurdia emandakoan berreskuratzen zen. Beste aukera bat zen ibilgailua etapa laburretarako alokatzea, bide osorako alokatu beharrean. Dena dela, bidaiariek tokian tokiko posta-zerbitzua erabili behar izaten zuten, eta haren kalitatea izaten zen turisten lehenengo kezketako bat.

Bidaiarien hirugarren aukera tokian tokiko garraio publikoa erabiltzea zen. Frantzian merkea eta ona izaten zen, baina beste lekuetan ez zen horrelakorik izaten; hori zela eta, lineako zalgurdiak erabiltzeaz gain, gurdiak alokatzen zituzten askotan, kalitatea kaskarragoa zen lekuetan.

Ustekabekoak

Gida ingelesetan, ibilgailu britainiarrak erabiltzea gomendatzen zuten hertsiki, kontinenteko bideetara hobeto egokitutakoak, motelgailu indartuekin, hobeto tiratzeko eta aldaparik gogorrenei aurre egiteko gako bereziekin, eta konponketa-kutxarekin. Hala ere, istripuak sarritan izaten ziren, eta ibilgailua erabat geldiarazi zitekeen orduan, eta bidaia mugarik gabe atzeratu.

Frantziako bideak, oro har, egoera onean izaten ziren, eta bereziki onak ziren Calais hiriburuarekin lotzen zuena eta Parisetik abiatuta Lyonera iristen zena. Italian, aldiz, asko aldatzen ziren kontuak estatu batetik bestera. Iparraldeko bideak egokiak izaten ziren gehienetan, eta Piamonte eta Lombardiako bideak ia Frantziakoak bezain egokitzat jotzen ziren. Alabaina, hegoalderantz aurrera egin ahala, gero eta okerragoak izaten ziren. XVIII. mendearen erdialdera arte, turistarik gehienek ez zuten Napoli bisitatzen, hain zuzen ere, hara iristeko galtzadak oso egoera txarrean zeudelako, eta oso posta eta ostatu gutxi eskaintzen zituztelako, maila kaskarrekoak gainera.

Bideen ezaugarriak eta baldintzak edozein izanik ere, eguraldi-aldaketek izugarrizko eragina izaten zuten haien egoeran. Bidaiariak euriaren beldur izaten ziren bereziki, uholde-urekin edo bestelakoekin, biderik onena ere erabili ezinik utz baitzezakeen. Gainera, bide-sareen baldintza txarrek era guztietako istripuak eragiten zituzten: ardatzak haustea, itzulipurdiak, tiratzeko animaliak nekeak jotzea, ekipajeak galtzea, elurretan edo lokatzetan zalgurdiak trabatzea, edo, areago, aduanetako barrerek harrapatuta gelditzean, ibilgailuak puskatzea.

Ostatua eta mantenua

Ostatua

Ostatua izaten zen bidaiako alderdirik iradokitzaileenetako bat –garraio publikoarekin batera–, tokian tokiko eguneroko bizitzarekin ustekabean topo egin ahal izateko aukera ematen zuelako. Dena dela, aldi berean, batere erakargarritasunik gabeko leku ere bihur zitekeen bidaiariarentzat.

Oro har, alde handia izaten zen hiri handietan eskura zitezkeen ostatuen eta herri txikietan edo bidean zehar sakabanatuta erabil zitezkeen loaldirako egoitzen artean. Hirietakoak on samarrak izan ohi ziren. Florentzia bezalako leku batzuetan, britainiarrek zuzendutako ostatu multzo ugari samarra izaten zen, eta, haietan, kalitatea hobea izaten zen nabarmen. Besteetan, ostera, alde handiak izaten ziren Italiako eskualde batzuetatik besteetara. Bidaiarien ustetan, ostaturik okerrenak Erromatik hegoalderantz zeuden, Napolira edo hegoalderago iristen ziren bideetan.

Salbuespen moduan, inoiz edo behin, bidaiari gutxi batzuek Italiako familia garrantzitsuenen abegi onez gozatu ahal izan zuten. Horrelako konponketak bidaia hasi baino lehenago egiten ziren. Eta ohitura hori hainbeste zabaltzen joan zelarik, XVIII. menderako, gida askotan gomendagarritzat jotzen zen aurkezpen-gutuna lortzea, etxebizitza horietara sartu ahal izateko.

Britainiarrek asko kexatzen ziren hango ostatuen inguruan. Hasteko, behin eta berriz kritikatzen zuten apopiloen geletako ateetan sarrailarik ez jartzeko Italiako ohitura txepela. Hori zela eta, denbora gutxian jarri eta kentzeko moduko bidaia-kisketa bat ekipajean sartzea gomendatzen zitzaien bidaiariei. Bestalde, geletako leihoek ez zuten kristalik izaten –oihalekin estaltzen zituzten–, ez eta tximiniarik ere; horregatik, ikaragarri hotzak izaten ziren gelak.

Horrez gain, ostalari italiarrek, bezeroak ostatutik irteten zirenean, izarak eta burkoaren estalkia tolestu eta urarekin zipriztindu ohi zituzten, gero berriro luzatu eta garbituta baleude bezala jartzeko. Hori zela eta, bidaiariek, gelara sartu orduko, aurrena hura aireberritu eta ohe-jantziak artean ere heze zeuden egiaztatzeari ekiten zioten.

Dena dela, beharbada, benta haietako arazorik handiena garbitasuna izaten zen. Hasteko, lehenagotik bezero askok eta askok erabilitako izara berberak izaten ziren. Eta, haiekin batera, intsektu kezkagarriak. Haiek uxatzeko, oheko lau hankak urez betetako ontzietan sartu ohi zituzten turistek. Gainera, ohantzea izpiliku-urarekin zipriztintzen zuten, eta kanfor-konpresak ezartzen zituzten oheko oinetan eta buruan, euliak eta beste intsektu batzuk uxatzeko. Azkenik, oheak errezeladun ohe-zerua bazuen, hura desmuntatzea gomendatzen zen, gauean bisita gogaikarriak saihestu ahal izateko.

Jan-edana

Bideko ostatuak kaskarrak izaten ziren, eta elikadura ere horrelakoxea izaten zen. Ostatuen kalitatearekin gertatzen zen bezala, hiri handietan jatekoa ere hobea izaten zen bidean zehar baino.

Gai horri zegokionez, kritikatuena Frantzia izan zen, zalantzarik gabe. Britainiarrei bereziki txepela iruditzen zitzaien Frantziako janaria, haragi gutxi kontsumitzen zutelako. Ohiko plateretako batzuek berebiziko atzerakada eragiten zieten britainiarrei, hala nola, igel-hankek. Azkenik, haien iritziz, hain zen kaskarra Frantziako gastronomia, non saltsa astunen azpian ezkutatu behar izaten baitzuten.

Eta Italian egoera ez zen askoz hobea. Han ere haragia urri zegoela iruditzen zitzaien britainiarrei. Nolanahi ere, arazorik handiena oliba-olioa eta baratxuria izaten ziren, denean ageri baitziren, eta zapore indartsuegia zeukaten britainiarren gusturako. Hala eta guztiz ere, bidaiari batzuek Italian lor zitezkeen elikagaien sorta zabalaren berri jaso zuten, eta bereziki azpimarratu zuten Britainia Handian ia eskura ezin zitezkeen fruta eta barazki ugari zeudela.

Dena dela, janaria gustatzen ez bazitzaien ere, ardoak txoratu egin zituen. Britainia Handira leku horietako ardoa ugari inportatzen zuten, baina, hala ere, garestia izaten zen, eta gutxi batzuek bakarrik dasta zezaketen. Horregatik, bidaiariak kontinentera ailegatzen ziren orduko, dastatze enologikoaren plazerari ematen zioten bide erabat. Ardoa, hain merkea izanik, arazorik gabe edaten zuten, eta ugari; urarekin, berriz, jendea ez zen hain aldekoa. Beti ez zen ona izaten, itsasaldeko herrietan bereziki, eta urdail-hesteetako gaixotasunen jatorri nagusia izan ohi zen, beherakoena bereziki. Ura alde batera utzita, alkoholik gabeko edarien artean turistek zituzten aukera bakarrak limoi-edariak eta edari hotzak ziren, eta, jakina, Tourreko aurkikuntza handia izan zena: kafea.

Alpeak zeharkatzea

Alpeak zeharkatzea

Bost ibilbide desberdin zeuden Italian sartzeko, jatorriaren arabera, eta lehorretik edo itsasotik sartzea nahiago zen aintzat hartuta.

Lehenengo ibilbideak, Alemania edo Flandestik joaten zirenentzat, Trento edo Trevisotik zuen sarbidea. Lehorretik zihoazen gainerako ibilbideak Lyonetik abiatzen ziren beti, eta, hortik aurrera, sarbide desberdinak hartzen zituzten.

Lehorreko lehenengo ibilbidea Lyonetik aurrera Genevara joaten zen, Gran Crêt d'Eau eta Nantua zeharkatu ondoren. Genevatik, bideak Lausana, Soleura, Murat eta Zurichera jotzen zuen; eta, hortik, Coira, Bechino, Triano, Aurigo Mendira eta Wallinstadeko aintzirara, eta, azkenik, Bresciara.

Bazegoen beste ibilbide bat lehenbiziko etapetan Genevako bidetik zihoana, baina gero erabat desbideratzen zena, aurreko bidearekin erkatuta: Saint Maurice, Martigny, Sion eta Brig zeharkatu ondoren, Simplón igarobidera iristen zen, gero hortik Domodossola, Mergozzo eta Sesto Calendera jotzen zuen, eta, azkenik, Milanera iristen zen.

Hala ere, biderik ibiliena Alpeak Cenis menditik zeharkatzen zuena zen. Lyonetik aurrera, bideak Le Verpillère, La Tour-du-Pin, Le Pont-de-Beauvoisin, Mt. Aiguebellete eta Chambéryrantz jotzen zuen. Egun bat gehiago eman, eta Montmelianera iristen zen. Gero, Aiguebelle, Saint-Jean-de-Maurienne, Saint Michelle-de-Maurienne eta Lanslebourgera joaten zen. Azken herri horretan ematen zen gaua eta kontratatzen zen mendiak zeharkatzeko behar zen garraioa. Cenis menditik igaro, eta Moncenisio, Novalese, Susa, San Ambrogio di Torino, Rivoli eta Turinera joaten zen.

Itsasoko ibilbideak ere Lyon zuen abiaburu. Hortik, ibaiari jarraiki, Vienne, Tournon sur Rhône, Valence in Dauphine, Pont Saint Espirit eta Avignon zeharkatzen zituen, Avignonera helduta, lehorretik jarraitzen zuen Marseillarantz, Aix en Provencetik igarota. Marseillan, falua hartu, eta 9 eguneko bidaia egin ondoren –haizeen eta korronteen arabera-–, Genevara iristen zen. Ibilbideak itsasaldeari jarraitzen zion, eta geldialdiak egiten zituen, Toulon, Antibes, Niza, Monako eta Savonan, azkenean Genevako portura iritsi arte.

Iparraldetik Florentziara

Iparraldetik Florentziara

Florentzia zen ezinbestez bisitatu beharreko lehenengo hiria. Bertara iristeko, hainbat aukera zeuden. Lehenengo bideak Turindik Milanera jotzen zuen, eta, hortik, Boloniara hurreratu, eta, gero, Florentziara heltzen zen. Joateko bidean Milan eta Florentzia ikusi gabe utziz gero, itzultzeko ibilbidean sartu ohi ziren.

Beste aukera bat zen Genevara joatea, Savonatik igarota, eta, handik, Livornora eta Florentziara, edota Genevan Milan eta Boloniara zihoan bidea berriro hartzea, Florentziara iritsi aurretik.

Florentziara heltzeko azken bide horretatik joan ezean, hirian egon bitartean txango bat egiten zen bidaiariek Pistoia, Luca, Pisa eta Livorno ikus zitzaten.

Toscanatik Estatu Pontifikaleetara

Toscanatik Estatu Pontifikaleetara

Florentzia eta Erroma ibilbideko oinarrizko lau hirietatik bi ziren, eta haien arteko bidean ez zegoen aldaketa nabaririk. Florentziatik atera, eta bidaiariak Sienara jotzen zuen, San Casciano in Val di Pesa eta Poggibonsi zeharkatuta. Sienan egun gutxi batzuk eman ohi zituen, eta, gero, Buonconvento, Torrenieri, San Quirico d'Orcia eta Radicofanira joaten zen. Radicofanin zegoen Toscanako Dukerri Handiko azken gaztelua.

Ibilbideak aurrera jarraitzen zuen Aquapendente –estatu pontifikaletako lehen hiria–, San Lorenzo, Bolsena, Montefiascone –bere moskateli esker ezaguna–, Viterbo eta Caprarola zeharkatuta. Caprarolara iritsita, bidaiariak geldialdia egiten zuten Villa Farnesion, bertako balkoitik Erromaren lehen ikuspegiaz gozatzeko –urrunean–. Caprarola atzean utzi, eta bidaiak aurrera egiten zuen Monterosi eta Baccanorantz, eta, azkenik, Erroman sartzen zen Porta del Popolotik –antzinako erromatarren Porta Flaminia zen horretatik–.

Napolirantzs

Napoleserantz

Bidaiariek geldialdi bat egin ohi zuten Erroman izaten zuten egonaldi luzean, eta hegoalderantz jotzen zuten, Napoles eta inguruak bisitatzeko. Ibilbide hori aspergarrienetako bat zen, eta, aldi berean, aski arriskutsutzat jotzen zen. Garai hartako kroniken arabera, hegoalderantz joaten ziren bideak Italiako iparraldekoak baino askoz ere txarragoak ziren, eta bidelapurrez beteta egoten ziren. Gainera, bidaiariak Agro Pontinoko aintzira beldurgarriak zeharkatu behar zituen, eta lur zingiratsu horretan malaria gaitz endemikoa zen.

Bidaia Done Joan Laterangoaren Atean hasten zen, Marino, Velletri eta Terracinara jotzen zuen, eta, hor, Jupiter Anxurusen tenplu erromatar zaharraren aurriak ikusi ohi zituzten. Hortik, bideak Fundira jotzen zuen, eta Via Appia berriz hartuta, Capua, Aversa eta Napoleseraino joaten zen.

Hegoalderako bidean, edo Napolestik itzultzean, turistak aukeraz baliatu ohi ziren betiereko hiriaren inguruko leku batzuk ikusteko. Hain zuzen, Castelgandolfo, aita santuen udako egoitza, Frascati, erromatarren garaiko aztarnategi garrantzitsua, eta Tivoli, eta, bertan, Villa Adriana eta Villa del Cardenal Hippolito d’Este. Erromatik egiten ziren txangoetan, berriz, ez zuten azken herri hori sartzen, bide nagusietatik pixka bat desbideratzen zelako.

Erromatik Venetora

Erromatik Venetora

Erromatik ateratzeko ibilbide bakarra egoten zen, baina iparralderantz egin ondoren, bitan erdibitzen zen. Bidaiariek iristeko erabilitako ate beretik utzi ohi zuten betiereko hiria, Porta del Popolotik, eta, Via Flaminiatik aurrera eginez, Ponte Milvio gurutzatzen zuten. Bertan garaitu zuen Konstantino Handiak Majencio arerioa, eta, horrekin batera, inperioaren mendebaldera zeuden lurralde guztien kontrola eskuratu zuen. Iparraldera zihoan ibilbidean, paisaia oso garrantzitsua zen. Castel Nuovo, Civita Castellana, Otricoli, Narni eta Ternira jotzen zuen, eta, bertan, Cascada de Marmore ospetsua ikusten zen, ur-jauzi artifiziala, Europako jauzirik altuenetakoa. Ternitik Spoleto eta Folignora joaten zen.

Folignon, bidea bitan adarkatzen zen. Adar bat Asisera joaten zen; eta bestea, berriz, Colfioritoko igarobidea zeharkatu, eta Adriatikoaren itsasaldera hurbiltzen zen pixkanaka, Tolentinotik igarota, Loretora iritsi arte.

Loretoko erromesaldiko gune garrantzitsua bisitatu ondoren, bideak itsasoarekin lerroz lerro egiten zuen aurrera, Ancona, Senigallia, Fano, Pesaro, Cattolica eta Riminira. Riminitik, barnealdera itzultzen zen berriz, Cesena, Forli, Faenza eta Ferrarako ibilbidetik.

Este familiaren hirian, bidea berriz banatzen zen. Bidea aldatu, eta Boloniara joan zitekeen, hiria ikusteko, joateko bidaian bisitatu gabe utziz gero. Bestela, zuzen egin zitekeen aurrera, Padua eta Veneziarantz.

Bidaiaria Boloniara joaten bazen, ikustaldia amaitzean, atzean utzitako bidera itzultzen zen, Ferraratik Paduara eta gero, azken helmugara, Veneziara iristeko.

Edozein bide hartuta, Veneziara itsasotik heltzen zen beti, eta bidaiarientzat Erroma heltzea bezain zirraragarria izaten zen hori.

Itzulbidea

Itzulbidea

Veneziako egonaldia amaitu ondoren, bidaiariak Paduara joaten ziren. Egonaldi labur bat izaten zuten bertan, Unibertsitatea eta hiriko monumentu nagusiak ikusteko, San Antonio basilika barne.

Paduatik aurrera hartzen zuten bideak hiri hauek zeharkatzen zituen: Vicenzara -Paladioren hiria-, Verona eta bere anfiteatro erromatar ospetsua –Arenara–, Brescia –Alpeetara sartzeko eta bertatik irteteko puntuetako bat–, Bergamo eta Milan.

Behin Milanera iritsita, normalean, Turinera itzultzen ziren, Alpeetan barrena bidean atzera egiteko.

Castellano