K.a. V. mendean Mediar Gudak izenez ezagutzen diren persiarren aurka izandako borrokek mundu klasikoa markatuko dute. 490eko hamarkadan lehenengo eta 480koan ondoren, persiarrek Greziako lurraldeak inbaditu zituzten eta hiri-estatuen koalizioari aurre egin behar izan zieten, zeinak Maratongo (K.a. 490) eta Plateako (K.a.479) batailetan indar inbasoreak garaitu zituzten.
Atenas indartuta irten zen Mediar Gudetatik eta, zeukan flota indartsuari, K.a.VI. mendeaz geroztik inposatu ziren erreforma demokratikoei eta hirira Delosko Ligako altxorra trasladatu izanaren ondorioz lortutako ekonomia kontrolari esker, Greziako buru bilakatu zen. Hauek Periklesen urteak izan ziren, non atenastarrek persiarren aurkako gudan suntsitutako Akropoliaren berreraikitze-lanak hasi zituzten. Horrela izanik, Periklesek, kanpaina politiko eta kultural gogorraren bidez, Atenas Greziaren eredu bihurtu zuen.
Urte hauetan Atenasen arrazoiarengan eta ezustekoari aurre egiteko gizakiak duen gaitasunean konfidantza itsua piztu zen. Greziarren mundua ordenatu zen eta gizabanakoaren arrazoiak ekintza guztien oinarriak ezartzen ditu: gizabanakoa gauza guztien neurria da. Politika eta artea printzipio antropozentrista hauen isla izango dira. Sorkuntza guztien oinarria den proportzioaren ideala, eskulturan Dorifiroak eta arkitekturan Partenoiak finkatutako kanonean (neurria) zehaztuko da .