Protagonistak

 

Kalikrates (Καλικράτης)


Atenasko Hefesteiona

K.a. V. mendeko greziar arkitektoa. Kalikratesek Atikako eraikin garrantzitsu askoren eraikitze-lanetan izan zuen eginkizuna, gaur egun oraindino, oso eztabaidatua da. Orain arte, Plutarkok esandakoari jarraiki, Partenoia eraiki zuela uste izan da, Iktinoren laguntzaz.

Akropoliko K.a. V. mendearen erdialdeko erakitze-lanen inguruko ikerketa arkeologikoen arabera, Atena Nikeren tenplua ere eraki omen zuen. Kronologian eta antzekotasun estilistikoetan oinarrituz, badira Erekteiona, Suniongo Poseidonen tenplua edo Atenasko Hefesteiona bere lanak direla diotenak ere.

Litekeena da, Kalikrates Atikako arkitekturako elementu jonikoen defendatzaile handietako bat izatea.

Zimon (Κίµων)
(K.a. 510-449)


Zimon izena idatzita duen ostraka

Greziar jenerala eta estatuburua. K.a. 478 eta 461 urteen artean Atenasko politika zuzendu zuen.

Familia aristokratiko batekoa izanik, Zimonek bere boterea K.a. V. mendeko Atenas gorenera hel zedin erabili zuen. Persiarrek suntsitu zuten polisaren berreraikitze-lanak hasi zituen. Plateako Zinak, zehazki, gudaren ostean suntsituta zeuden tenpluak berreraikitzea debekatzen zuenez, hiritarrentzako gune publiko berriak sortzen eta polisaren defentsak indartzen saiatu zen.

Horrela izanik, Akademia eraldatu zuen, Agora bananondoz eta garaipenen oroigarri ziren hermaz apaindu zuen. Esziroren aurkako kanpainan Teseo heroiaren hezurrak berreskuratu, Atenasera eraman eta Teseionean gorde zituen.

Defentsa-lanei dagokienez, Zimon izan zen Akropoliaren hegoaldeko harresia eraiki zuena, baita Atenasko harresiak eta Pireoa lotuko zituzten Murru Luzeak altxatzen hasi zena ere, horrela, lehorretik itsasoraino heltzen zen eta babestuta zegoen korridore bat sortu zuen.

Hiritarren artean bultzada handia izan bazuen ere, K.a. 461ean ostrazismo-zigorra ezarri zioten, espartarren aldekoa zelako iritzia zabaldu zelako.

Fidias (Φειδίας)
(K.a. 490-431)


Olinpian zegoen Fidiasen tailerraren aztarnak

Fidias Antzinaroko eskultore ospetsuena izan zen. Nahiz eta bere obrak galdu diren, Fidiasen ekoizpen artistikoa nolakoa izan zen jakiteko balio duten lekuko ugari daude.

Fidias izan zen greziar artearen Aro Klasikoaren adierazgarririk onena izan zen. Bere obra ospetsuenak urrez eta boliz egindako, eta krisoelefefantina izenaz ezagutzen diren, Zeus eta Atenaren estatua erraldoi bana izan ziren. Lehenengoa Olinpiako Zeusen tenpluan jartzeko egin zen eta bigarrena Atenasko Partenoirako.

Horretaz gain, Periklesen enkarguz, persiarrei gudan kendutako brontzearekin, Atena Promakosen egundoko irudia galdatu zuen. Estatua Akropoliaren sarreran kokatu zen, eta antzinako informazio-iturriek diotenez, lantzaren muturra eta kaskoa itsasotik ikusi ahal zitzaizkion.

Ictino (Ικτίνος)


Bassaeko Apoloren tenplua

K.a. V. mendeko greziar arkitektoa. Iturri klasikoen arabera, hiru obra garrantzitsu egin zituen: Partenoia Atenasen, Telesteriona Eleusisen eta Apoloren Tenplua Bassaen.

Bere obraren inguruko lekuko zaharrek diotenaren arabera, Iktinok hiru tenplu hauen diseinuan eta eraikitze-lanetan izandako egitekoa zein izan zen zehaztea zaila da. Plutarkok Partenoiaren arkitektoa dela dio eta Fidias lanen gainbegiralea. Telesterionaren kasuan, Iktinok lanen lehenego fasearen ardura hartu zuen. Azkenik, Bassaen diseinatzaile izan omen zen eta lehen aldiz Partenoian erakutsi zituen berritasunak erabili zituen.

Horretaz gain, Iktino korintoar ordenaren sortzailea da, mota honetako kolomarik zaharrena berak egindako Apoloren Tenpluan agertu baita.

Mnesikles (Μνησικλής)


Propileoen xehetasuna, ipar-mendebaldetik

K.a. V. mendeko greziar arkitektoa. Plutarkok Propileoen, hots, Atenasko Akropolirako sarrera monumentalaren, egiletzat izateaz gain, bost urtetan eraiki zituela baieztatzen du.

Mnesiklesek, lurraren gorabeheretara moldatzeko gai izateaz gain, Partenoiarekin konparagarria zen eraikuntza honetan, ordena doriko eta jonikoa modu ezin dotoreagoan erabili zituen. Pausaniasek Greziaren Deskribapena lanean garai haietan Propileoen marmolezko sabaiak Akropoliko gauzarik interesgarrienak zirela idatzi zuen.

Aditu batzuek, lotura estilistikoetan oinarrituz, nahiz eta froga guztiz fidagarririk ez egon, Mnesikles Erekteionaren egilea dela diote.

Perikles (περικλής)
(K.a. 495-429)


Akropoliko Museoan dagoen Periklesen bustoa

Greziar jenerala eta estatuburua. K.a. 454 eta 429 urteen bitartean Atenasko politika zuzendu zuen.

Politikari-sendi bateko semea, Perikles, Atenasek nagusitasun politiko, ekonomiko eta artistikoa izan zuen garaian, estatuaren buru izan zen. Zeukan botere handiari esker, arerio nagusienen ostrazismoa derrigortu ahal izan zuen eta horrela, oztoporik gabe, polisaren egitekoak zuzendu.

Hamarkada batzuk lehenago, persiarrek suntsitutako tenpluak berreraikitzeko ahalegin handiak egin zituen. Atenastarrak tenpluak gudaren ostean geratu bezala uztera behartzen zituen Plateako Zina indargabetu ostean, Periklesek Atenasen ez eze, Atika osoan eragina izan zuen eraikitze-programa garesti bat diseinatu zuen. Biztanleen onespenarekin eta denbora ezin laburragoan, polisa edertzeko lanak hasi ziren. Partenoia, Propileoak, Eleusisko Telesteriona edota Atenasko Agorako Teseiona izan ziren jeneralaren proiektuetako batzuk.

Hogeigarren hamarkadaren hasieran, boterea galtzen hasi zela zirudienean, Perikles Atenasen triskantza eragin zuten eta poliseko etorkizun historikoan inflexio-puntua izango ziren bi epidemietan lehenengoan hil egin zen.

Top