Mitoak

Pandora


Pandoraren jaiotza, Londresko Museo Britaniarren kratera-kalix baten
©Trustees of the British Museum

Antzinako greziarren Pandoraren mitoak gaizkia mundura heldu zenekoa kontatzen zuen. Zeusek lehen emakumearen sorrera agindu zuen, Prometeok jainkoen sua lapurtu eta gizakiei eman zien-eta, haren ausarkeria zigortu nahi zuelako.

Zeusek mendekua hartu zuen. Hefestori buztinez jainkosak bezain ederra izan behar zuen neskatxa bat egiteko eskatu zion. Olinpoko jainko eta jainkosa guztiek beraien dohainak eskaini zizkioten. Hortik datorkio izena, Pandora (pan dena; dora dohainak). Atenak gerrikoa eman eta jantzi zuri distiratsua jarri zion. Graziek lorez koroatu zuten eta Afroditak lilurakeriaren artea irakatsi zion. Hermesek engainuaren artea irakatsi zion.

Pandorak mundura jainkoek oparitutako pitxerra ekarri zuen. Barruan zeuden gaitz guztiak eta zabaldu zuenean, munduan zehar barreiatu ziren. Hala ere, itxaropena irten baino lehen pitxerra ixtea lortu zuen. Antzinako greziarrek horrela azaldu zuten gizakiok, hondamendiei eta gaiztakeriari aurre egiteko, itxaropena mantentzeko gai izatea.

 

Itzuli
Top