Mitoak

Teseo Erregea


Londresko Britaniar Museoan, figura gorrien kopa baten, Teseok Minotauroa Laberintotik kanpo arrastaka darama
©Trustees of the British Museum

 

Teseoren mitoaren arabera, Atenasko errege hau monarka zibilizatzaileetan zibilizatzaileena izan zen. Sorkuntzaren inguruko eta Atenasera heldu zeneko istorio luzeak, Teseo Atenasko errege Egeoren eta Trezengo printzesa Etraren semea zela kontatzen du.

Teseok, Egeoren semea zela frogatzeko sandalia eta ezpata batekin Atenasera heldu zenean, erregetzaren oinordekotza erreklamatu zuen. Medea, erregearen emaztea, jeloskor jarri zen, ez baitzuen nahi bere semeak Atenasko tronua gal zezan. Medea Teseo pozoitzen saiatu zen, baina ez lortzeaz gain, erreinutik kanpo bota zuten eta Egeok Teseo bere semea zela onartu zuen.

Horren ostean, Teseok bere burua bolondres aurkeztu zuen Kretara joateko, Atenasek irlari neska-mutilak ordaintzen baitzizkion zerga gisa, bertako Minotauroaren jaki izan zitezen. Teseok, Kretako erregearen alaba zen Ariadnaren laguntzaz, izaki izugarria akabatu zuen eta Atenasera itzuli zen. Bidaia hasi baino lehen, aitarekin Minotauroa hiltzen bazuen itsasontziko bela beltzak kendu eta zuriak igoko zituela adostu zuen, baina ahaztu egin zitzaion. Horregatik, Egeok ontzietako oihal beltzak ikusi zituenean, semea hilda zegoela uste eta bere buruaz beste egin zuen. Atenastarrek Egeo Akropoliko Atena Nikeren tenpluko gotorlekutik amildu zela uste izan zuten.

Egeoren heriotzaren ostean, Teseok aitaren erantzunkizunak bere gain hartu zituen eta Atenasko instituzioak berrantolatzen hasi zen. Atika bateratu zuen eta hamabi tribuak Atenasen agintepean bildu zituen. Horretaz gain, Atenasko txanpona sortu zuen, zeinak, hasiera baten, hontzarena beharrean, idiaren irudia zuen.

 

Itzuli
Top