Antzinako izakien bestiario laburra

Antzinaroan, bestiarioa izeneko liburu-mota sortu zen. Ikasbide moralekin zerikusia zuten benetako eta ametsezko izakien liburua zen. Erdi Aroan, oso ospetsu egin zirenean, bertako sinbologia pentsamendu kristaura egokitu eta Europa osoan zabaldu ziren liburu horiek.

Bestiario labur honek animaliei oso-osorik eskainitako liburu haien lekukoa hartu nahi du, Berreginen Museoko Animalia Artean | de la Prehistoria a la Edad Media aldi baterako erakusketa berria osatzeko.

Erakusketako atal bakoitza 10 animaliako hautaketan islatzen da hemen, eta kultura jakin baten sentipenaren adierazgarri dira Historiaurrearen, Antzinaroaren eta Erdi Aroaren esparruan.

Osotasunaren zatia

Historiaurreko munduan, animaliak planetaren jabeak ziren. Boterea zeukaten, eta, antza denez, gizakiek errealitate horren froga utzi zuten labar-artearen bidez. Animaliak gizakien lehenengo irudikapen artistikoen gaia izan ziren. Aztarna antzinakoenak duela 32.000 urte ingurukoak dira. Beste leku batzuetan ere labar-pinturak dauden arren, gehienak Frantziako erdialdean nahiz hegoaldean eta Iberiar Penintsulako iparraldean daude.

Historiaurreko gizon eta emakumeek haitzuloetako hormetan margotu zituzten euren inguruko animalia asko. Gaur egungo Europako espezie guztiak bazeuden Historiaurrean bertan, baita egun betiko desagertu diren beste batzuk ere. Animalia gehienak gaurkoak baino tamaina handixeagokoak ziren.

Pinturek garai hartako espezieen berariazko hautaketa eskaintzen digute. Gaur egun ere, misterioa da horiek zergatik aukeratu ziren jakitea, eta, seguruenik, beti izango da horrela. Dena dela, egia esan, badaude zenbait animalia inoiz edo oso gutxitan irudikatzen direnak: arrainak, intsektuak, karraskariak, narrastiak edo hegaztiak. Era berean, paisaiaren islarik ere ez dago, hau da, pinturetan ez da agertzen ez zuhaitzik, ez landarerik, ez zerurik, ezta astrorik ere, eremu hutsetan dauden animaliak baino ez.

Bestariora sarrera

Ez gara berdinak

Animaliak etxekotzean eta haztean, aldaketa handiak gertatu ziren artzainen eta nekazarien aurreneko komunitateen bizimoduan. Bizirik iraun nahi bazuten, ordura arte gizakiek basapiztiei aurre egin behar izan bazieten ere, aurrerantzean kontrolatu egingo zituzten.

Gizakiek zenbait animalia menderatzeko zuten ahalmen berriaren ondorioz, eguneroko zereginak egiteko erabiltzen hasi ziren, batez ere. Animaliak, beraz, lan-indar, zamabere, janari-iturri eta lehengaien hornikuntza bihurtu ziren, eta, biziraupenetik haratago, beste helburu batzuetarako ere erabil zitezkeen.

Ardiak, ahuntzak, txerriak edo antzarak eta, batez ere, behi-ganadua laster etxekotu eta hazi ziren, haragia, esnea, larruak eta eguneroko tresnak egiteko beste material batzuk lortzeko; gorozkiak ere erabiltzen ziren.

Antzinaroko beste zibilizazio batzuetan bezala, Egipton era guztietako animaliak jan eta erabiltzen ziren eguneroko zereginetarako. Egiptoko hilobietako pinturak eta papiroak, hain zuzen ere, lehenengo egiptoarrei bizitza erraztu zieten animalia haien lekuko biziak dira.

Bestariora sarrera

Leku orotan

Animaliak gizakien bizitzan egon dira betidanik, eta, gizartearen zein unearen arabera, zenbait zeregin bete izan dituzte.

Brontze Aroko Egeon, garai gehienetan bezala, elikagaia, bizirauteko baliabidea, aberastasunaren sinboloa, lehenengo gurtzetako protagonistak edo abereak izan ziren animaliak. Era berean, irudikapen artistikoen helburu ere izan ziren. Horma osoak daude euren irudiez beteta, urrezko plaka apaingarrietan grabatu zituzten, eta familia kretatarren, zikladikoen eta mizenikoen baxerak dekoratu zituzten.

Naturaren aldagarritasunak lilura piztu zuen Brontze Aroko artistengan. Kretatik abiatu eta inguruko Egeo osorantz, artean eta dekorazioan animalien irudikapenak ziren nagusi.

Bestariora sarrera

Ehiztari ehizatua

Mesopotamiako lurretan bizi izan ziren herriek -batez ere, monarka asiriarrak, lehendabizi, eta persiarrak, ondoren- ehiza nahita eta jakinaren gainean erabili zuten arma politiko moduan. Ehiza erregeen kirola zen. Modu sinbolikoan, erregeak herria babesteko eta haren alde borrokatzeko betebeharrak bete zituela adierazteko erabiltzen zen.

Oro har, erregeen ehizak porroterako betarik ematen ez zuten erakustaldi antolatuak ziren. Kontrolpeko inguruan, harrapakina jarri eta gidatu egiten zen, erregeak erraz bota zezan. Nolanahi ere, errege asiriarrak berez ere joaten ziren ehizan, euren kanpaina militar ugarietan.

Animalia guztien artean, lehoiak, inguruko predatzaile arriskutsuenak, ziren harrapakin preziatuenak. Edonola ere, errege asiriarrek beste animalia asko ere ehizatu zituzten, euren trebetasunak erakusteko edo lurralde urrunetako konkistaren gainean zeukaten kontrola nabarmentzeko.

Bestariora sarrera

Naturaren erregeak

Boteretsuek nahierara erabili izan dituzte animaliak euren helburuetarako. Izan ere, agerikoa da herritarren eta beste herri batzuen gaineko agintaritzaren sinbolo ikusgarriak zirela.

Antzinaroan, ordea, gobernarientzako eskaintza preziatu bezain garestiak ere baziren, botere eta agintaritza horren erakusgarri.

Herriak edo eskualdeak zeukan balio handienaren ordezkari moduan, behin baino gehiagotan zenbait animalia opari zoragarri moduan eskaintzen zizkieten garai eta leku guztietako erregeei. Exotikoak edo basatiak izateagatik edo mozkinak emateagatik, zenbait animalia irudikapen artistikoetan betikotu dituzte, errege-audientzian eskain zitezkeen oparirik bikainenak izango balira bezala.

Ohitura horren adierazgarri ezin hobea da Apadanara, Persepolisko Jauregiko Entzunaldi Aretora, alegia, eramaten zuen eskailera. Inperio Persiarreko lau hiriburuetako bat zen Persepolis.

Bestariora sarrera

Jainkotasunen itxurak

Antzina-antzinatik, gizakien ustez, animaliek nolabaiteko botere jainkotiarra zuten naturako faktore ezezagun eta mehatxagarrienekin zeudelako lotuta. Izan ere, batzuetan, animalia basatiak zirenez, izaki urrunak ziren, eskuragaitzak, eta bazirudien indar berezia zutela. Beste batzuetan, ordea, aurkakoak ziren erabat, hau da, ezin hurbilagoak eta erabilgarriagoak, animaltasunaren nahiz naturaltasunaren beste ezaugarri batzuen adierazgarri.

Alde horretatik, Egipto ez zen salbuespena izan, eta bertako hasierako jainko-jainkosek animalien ezaugarriak eta berezitasunak zituzten erabat. Dena dela, harrigarria izan zen urteen joan-etorrian gurtza horiek nola garatu ziren ikustea eta betidanik jainkoen eta animalien arteko identifikazio estu horri nola eutsi zioten egiaztatzea.

Garai historikoetan, zenbait eratara irudikatu zituzten jainkotasunen animalia-ezaugarriak: erabateko animalia-forma zeukaten jainkoak, giza gorputza eta animalia-burua zeuzkatenak edo erabateko giza forma zutenak. Dena dela, azken kasu horretan ere, jainkotasunek animalien munduarekin jarraitzen zuten lotuta, euren ezaugarrien bidez, eurekin lotutako animalien bereizgarritasunen bidez edo jatorrizko animalia-formaren ondorioz sortutako bereizgarritasun asko kontuan hartzen zituzten berezko nortasunen ezaugarrien bidez.

Bestariora sarrera

Kideak

Erdi Aroko mende ilunetan, animaliak mozkin zuzena edo zeharkakoa lortzeko ondasun ekonomikoak ziren, funtsean. Alde horretatik, zenbait animaliak kontsumo-ondasunak eskaintzen bazituzten ere, maskotek jabeei ageriko bereizkuntza eskaintzen zieten euren gizarte-mailan.

Maskotak dirudunek bakarrik mantendu zitzaketenez, nola edo hala jabearen nortasunaren eta gizarte-mailaren erakusgarri izan behar zuten.

Gizonek, zaldiak, untxariak edo belatzak zituzten gogokoen. Animalia babestu eta maitatuak ziren ehizarako zuten dohainengatik eta eskaintzen zuten ospeagatik. Izan ere, zainketa eta arreta handiak behar zituzten. Emakumeen eta apaizen bizimodua etxekoagoa zenez, animalia txikiak zituzten gustuko. Gizonen untxarien leialtasunaren ordez, nahiago zuten laguntasun hutsa eduki; eta, indarraren, ankertasunaren zein suhartasunaren ordez, entretenimendua edo dibertsioa.

Bestariora sarrera

Ikuskizun hutsa

Zirku erromatarra Antzinaroko ikuskizun handiena izan zen. Hareatzan, gladiadoreen borrokak eta venationes-ak -animalia basatien borrokak- izaten ziren erromatarren dibertsio-iturri nagusia.

Garai errepublikarrean, zirkuan egindako animalien hilketak are arrandiatsuagoak bihurtu ziren sasoi inperialean. Urteen joan-etorrian, benetako estatu-gaia ziren, eta armadak berak ere basapiztia berriak harrapatzeko antolatutako ehizaldietan parte hartzen zuen. Britainia Handitik Siriara zabaltzen zen inperioan, balio erromatarrak sustatzeko erabili zituzten venationak, leku urrunenetan ere bai. Era berean, herritarrak eta euren gobernariak elkartzeko lekua ere bazen.

Hilketa horien zenbakiak izugarriak dira benetan. Erromako Koliseoa - Flavio anfiteatroa -ireki zutenean, 9.000 animalia hil zituzten 100 eguneko epean. K.o. 107. urtean, Trajano enperadoreak 120 eguneko ikuskizuna antolatu zuen Daziako garaipena ospatzeko, eta, epe horretan, 11.000 animalia hil zituzten.

Bestariora sarrera

Izaki fantastikoak

Fantasiazko izaki beldurgarriak etengabe agertzen ziren kultura guztietan. Gizakiek euren ikarak eta itxaropenak adierazteko erabiltzen zituzten. Naturako indarrak arrazionalizatzeko modua zen, eta, aldi berean, norberaren barne-grinak menderatzea zen helburua.

Horrelako izakietan, gizakien botere suntsigarria eta animalien erasoa nahiz indar gordina uztartzen ziren, eta, oro har, tamaina erraldoia, itxura higuingarria eta jaiotzatiko maltzurkeria zuten. Maltzurkeria horren ondorioz, izaki horiei aurre egiteko edo suntsitzeko heroiak behar ziren ezinbestean. Horrela, bada, euren garaipenen bitartez, munstrorik gabe eratu ezin ahal izango zen zibilizazioa gorpuzten zen.

Kultura eta garai guztiek euren munstroak eta fantasiazko izakiak dituzten arren, Grezian eta Erroman oso gustuko zituzten. Baliteke greziarrek eta erromatarrek munstroen inguruan sentitutako lilura hori Mediterraneoko kostaldeetan ikusi ahal izan ziren Historiaurreko megafaunaren aztarna fosilak behatzean sortu izana.

Bestariora sarrera

Glosarioa

Akemenida

Ziro Handiak sortutako dinastia persiarrarekin zeukan zerikusia.

Akrotiri

Brontze Aroko aztarnategi arkeologikoa da, Tera uhartean zegoen kokatuta eta labapean geratu zen K.a. II. milurtekoaren erdialdean uharteko sumendiak eztanda egin zuenean.

Alfontso X.a

Jakintsua ere esaten zioten. Gaztelako erregea izan zen 1252tik 1284ra. Oso ezaguna izan zen bere lan literario, historiko, juridiko eta zientifikoengatik.

Amon

“Ezkutua” ere esaten zioten. Jainkotasun tebanoa izan zen, eta herrialdeko eragingarriena izan zen XVII. dinastiatik aurrera. Bere santutegi nagusia Karnaken zegoen.

Apadana

Persiako jauregietako ohiko audientzia-aretoa zen. Zutabeen basoak eutsitako areto erraldoia zen, hain zuzen ere.

Apis

Egiptoko zezen sakratua ugalkortasunaren eguzki-jainkoa zen.

Apolo

Edertasunaren, poesiaren, matematiken eta, oro har, neurripean nahiz ordenapean zegoen guztiaren jainko greziarra zen.

Ares

Gerraren jainko greziarra.

Asiria

Mesopotamiako inperioa zen, eta K.a. 1813. urtetik K.a. 609. urtera arte garatu zen. Bertako hiriburua Asur zen, eta Tigris ibaiaren bazterrean zegoen kokatuta.

Asurbanipal

Asiriako inperioko azken errege handia izan zen, K.a. 668tik K.a. 627ra.

Asurnasirpal II

Asiriako Antzinako Inperioko erregea izan zen K.a. 883. urtetik K.a. 859. urtera. Nimrud hiria sortu zuen (Kalhu).

Atena

Jakituriaren eta estrategia militarraren jainkosa greziarra zen.

Baktria

Erdialdeko Asiako eskualdea zen, eta honako hauexek zituen mugakide: Hindu Kush, iparraldean; eta Amu Daria ibaia, hegoaldean. Gaur egun, Afganistan, Uzbekistan eta Tajikistan artean dago kokatuta.

Behe Egipto

Herrialdeko iparraldeko lurraldea zen. Menfisen hasi eta Mediterraneoan amaitzen zen. Niloko Delta eremu horretan zegoen kokatuta.

Brontze Aroa

Historiaurreko garai honetan, brontzearen industria garatu zen. Egeo inguruan, epealdiari zenbait izen jarri zizkioten non garatzen zen kontuan hartuta: zikladikoa, Ziklade uharteetarako; minoikoa, Kretarako; eta heladikoa, Grezia kontinentalerako.

Dendera

Egiptoko hegoaldeko herria zen, Goi Egiptoko VI. nomoko hiriburua. Luxorko iparraldetik 70 kilometrora-edo dago.

Edipo

Tebas hiri greziarreko errege mitikoa zen, baita Laioren eta Yokastaren semea ere.

Egeo Itsasoa

Grezia eta Turkia artean dagoen Mediterraneoaren zati bat da.

EKbatana

Persiako Antzinako Inperioko lau hiriburuetako bat zen. Beste hirurak hauexek ziren: Susa, Persepolis eta Pasargada.

Elam

Mesopotamiako erresuma zen, eta bertako lurraldea gaur egungo Irango hego-mendebalderago zegoen kokatuta. Historia elamitoa III. milurtekoaren amaieratik K.a. 539. urtera garatu zen. Orduan, Persiako Inperioan sartu zen.

Elbruz Mendiak

Gaur egungo Irango iparraldean kokatutako mendikatea da, eta Armenian hasi eta Kaspio Itsasoan amaitzen da.

Elefantina

Nilon, lehen ur-jauziaren alboan, gaur egungo Asuanen aurrean dagoen uharte egiptoarra da.

Erreinu Ertaina

Inperio Ertaina ere esaten zioten, eta Egiptoko historiako etapa bat da. K.a. 2050. urtean Mentuhotep II.aren zuzendaritzapean herrialdeak bat egin zuenean hasi eta K.a. 1750. urtean Hiksoek inbaditzean amaitu zen.

Etna

Sizilia uharteko sumendia da.

Eufrates

Ekialde Hurbileko ibaia Turkian jaio eta Persiar Golkoan isurtzen ditu bere urak. Mesopotamiako eskualdea osatzen duten biak kontuan hartuta, mendebalderago dagoena da.

Germaniko

Neron Klaudio Druso jeneral erromatarra izan zen. Klaudio enperadorearen anaia zen eta Kaligula enperadorearen aita. Germaniko esaten zioten, Germaniako probintziako gobernadorea izan zen-eta.

Goi Egipto

Herrialdeko hegoaldeko lurraldea zen. Kairoko hegoaldean kokatutako antzinako Menfisen hasi eta Asuango Niloko lehen ur-jauzian amaitzen zen.

Goi Paleolitoa

Paleolitoko edo Harri Aroko azken epealdia da. Azken glaziazioaren amaierarekin bat egin zuen, eta gizaki-mota berria agertu zen bertan: Homo sapiensa, alegia.

Grifoa

Izaki fantastiko honek arrano-gorputza zuen goiko aldean; eta lehoi-gorputza, behekoan.

Hator

Erregeekin eta faraoiarekin lotutako jainkosa kosmiko egiptoarra zen. Behi-itxuraz irudikatzen zuten.

Hermopolis

Egiptoko hiri hau Goi Egiptoko XV. nomoko hiriburua zen. Toth jainkoa bertan jaio zen, eta greziarrek Hermesekin identifikatu zuten.

Ilgora Emankorra

Eskualde historikoa zen, eta honako hauexek zeuden bertan: ekialdeko Mediterraneoa, Mesopotamia eta Egipto. Bertan, hain zuzen ere, lehenengo zibilizazio historikoak sortu ziren.

Isis

Jainkosa egiptoarra Osirisen arreba eta emaztea zen. Naturako ugalkortasun-indarraren sinboloa zen.

Julio Zesar

Kaio Julio Zesar jeneral erromatar ospetsua izan zen Errepublikako azken urteetan. Senatuko eskaileretan hil zuten K.a. 44. urtean. Izan ere, handinahi politiko handia zeukan.

Juvenal

I. mendearen amaierako eta II. mendearen hasierako olerkari latinoa izan zen, eta oso satira ospetsuak idatzi zituen.

Kaligula

Kaio Julio Zesar Augusto Germaniko Erromako hirugarren enperadorea izan zen K.o. 37. urtetik 41. urtera. Tiberioren ondorengoa izan zen, eta oso ankerra zen. Kaligula esaten zioten, legionario erromatarren oinekoetarako erabilitako diminutiboa erabiliz (caligae). Txikitan, Kaligula luzaroan bizi izan zen kanpaleku erromatarretan, aita inperioko legioetako burua zen-eta.

Kanbises II

Persiako Inperioko bigarren erregea izan zen K.a. 530. urtetik K.a. 522. urtera arte. Ziro Handiaren ondorengoa izan zen.

Kartago

Afrikako iparraldeko hiria da (gaur egungo Tunisia). Oso ospetsua izan zen Erromako Inperioaren aurka borrokatu zelako. Tiroko feniziarrek sortu zuten.

Kaukaso

Europa eta Asia artean dagoen eskualdea da, eta Kaukasoko mendikatea dago bertan.

Klaudio

Tiberio Klaudio Zesar Augusto Germaniko Erromako laugarren enperadorea izan zen, K.o. 41. urtetik 54. urtera. Kaligularen osaba eta ondorengoa izan zen.

Kleopatra

Antzinako Egiptoko eta Dinastia Ptolemaikoko azken erregina izan zen K.a. 51. urtetik K.a. 47. urtera.

Knosos

Brontze Aroko jauregi-gunea zen, eta Kreta uharteko iparraldean zegoen kokatuta. Zibilizazio minoikoaren gune nagusia izan zen.

Koliseoa

Jatorrizko Flavio Anfiteatroa Antzinaroko handiena izan zen. Vespasianoren erregealdian, K.o. 70. urtean-edo, hasi ziren eraikitzen, eta Tito semearen erregealdian amaitu zuten. K.o. 80. urtean ireki zuten.

Komodo

Luzio Aurelio Komodo Antonino Erromako enperadorea izan zen 161. urtetik 192.era.

Kom-Ombo

Hiri egiptoarra gaur egungo Asuango iparraldetik 40 inguru kilometrora zegoen kokatuta.

Flaminio Zirkua

Erromako Marte Eremuko hegoaldean, Tiber ibaiaren inguruan kokatutako eremu biribil handia da. Gaius Flaminius Neposek sortu zuen K.a. 221. urtean.

Farsalia

Julio Zesarren eta Ponpeioren arteko gerrako azken bataila da. Greziako Farsalian garatu zen K.a. 48. urtean, eta bigarrenak galdu zuen.

Fulvius Nobilior

Jeneral erromatarra kontsula izan zen K.a. 159. urtean. Erroma Errepublikarreko familia patrizio handienetako kidea zen.

Lidia

Ekialde Hurbileko antzinako erresuma zen, eta Anatoliako gaur egungo penintsulako ekialdean zegoen kokatuta. Bere historiak K.a. 1300.etik 546.era arte iraun zuen.

Madalen Aroa

Goi Paleolitoko azken kultura izan zen. Bere izena Dordoñako Madeleineko haitzulotik dator.

Marko Antonio

Jeneral erromatar ospetsu hau Julio Zesarren laguntzailea izan zen. Azken hori hil zenean, Oktavio Augustori aurre egin zion Erromako kontrola lortzeko. Augustok Actiumeko batailan garaitu zuen K.a. 31. urtean, eta hurrengo urtean hil zen Kleopatra maitalearekin batera.

Martzelo Teatroa

Julio Zesarrek eta Augustok Marte Eremuan eraikitako Teatro Erromatarra zen, eta Augustoren loba zen Marko Klaudio Martzelok eman zion izena hil ostean.

Marcus Scaurus

Erromako kontsula izan zen K.a. 115. urtean. Era berean, bere garaiko eragin handieneko politikari onenetakoa izan zen.

Mesinako Itsasartea

Sizilia eta Italia penintsularra banatzen dituen itsasartea da.

Mesopotamia

Ekialde Hurbileko eskualdea da, eta Tigris zein Eufrates ibaien artean egoteagatik esaten diote horrela.

Minoikoa

Brontze Aroko Kretako kulturarekin dauka zerikusia. Arthur Evansek lehen aldiz erabili zuen terminoa. Cnososeko jauregian industen ari zela, Minos errege mitikoarekin identifikatu zuen.

Mizenikoa

Amaierako Brontze Aroko kultura heladikoarekin dauka zerikusia. Terminoa garai hartako hirigune handiena zen Mizenasetik dator.

Nemesis

Ordainen justiziaren eta mendekuaren jainkosa greziarra zen.

Neron

Neron Klaudio Zesar Augusto Germaniko Erromako bosgarren enperadorea izan zen K.o. 54tik 68ra. Klaudioren ondorengoa izan zen, eta Julio-Klaudiatarretako azken enperadorea ere bai.

Ninive

Antzinako hiri hau Tigriseko ekialdeko bazterrean zegoen, gaur egungo Mosuletik hurbil. Senaqueribek Inperio Neo Asiriarreko hiriburu bihurtu zuen K.a. VIII. mendearen amaieran.

Nisa

Persiako antzinako hiri hau Zagros mendietako oinaldean dago kokatuta, gaur egungo Iranen, hain zuzen ere.

Oktavio Augusto

Erromako lehenengo enperadorea izan zen K.a. 27. urtetik K.o. 14. urtera arte.

Osiris

Hildakoen jainko egiptoarra zen, eta hildako faraoiarekin identifikatzen zuten.

Persepolis

Persiako lau hiriburuetako bat zen. Dario I.aren erregealdian hasi zen eraikitzen K.a. 518. urtean, eta bere ondorengoek amaitu zuten. Alejandro Magnok K.a. 330. urtean suntsitu zuen hiria.

Persia

Inperio Persiarra edo akemenidoa Ziro II.a Handiak sortu zuen K.a. 558. urtean, eta gaur egungo herrialde hauek zeuden bertan: Iran, Irak, Turkmenistan, Afganistan, Uzbekistan, Turkia, Zipre, Siria, Libano, Israel, Palestina eta Egipto. Alejandro Magnoren konkistengatik erori zen.

Ponpeio

Jeneral erromatar honek Errepublikako lehenengo triunbiratua eratu zuen Krasorekin eta Julio Zesarrekin. Ondoren, azken horren aurka borrokatu zen, eta Farsaliako batailan gailendu zuen.

Poseidon

Ur guztietako jainko greziarra zen.

Ptolomeo II

Dinastia Ptolemaikoko bigarren faraoia zen. Ptolomeoak jatorri greziarrekoak ziren, eta Egipto izan zuten kontrolpean, K.a. 323. urtean Alejandro Magno hil zenetik K.a. 31. urtean Kleopatra eta Marko Antonio garaitu zituzten arte.

Sargon II

Inperio Neo-Asiriarreko erregea izan zen K.a. 722. urtetik 705. urtera.

Seth

Kontrolaezinaren jainko egiptoarra zen. Osirisen anaia eta hiltzailea izan zen. Txarkeria guztiekin zegoen lotuta.

Sulla

Erromako Errepublikaren amaierako kontsula eta diktadorea izan zen (K.a. 81-80).

Tauro Mendiak

Turkiako hegoaldean kokatutako mendikatea da, eta Anatoliako penintsulako hegoaldeko muga eratzen du.

Tebas

Beoziako eskualdeko antzinako hiri greziarra zen.

Tera

Greziako Santorini uhartearen antzinako izena zen. Uharteko sumendiak K.a. II. milurtekoaren erdialdean-edo egin zuen eztanda, eta uhartearen erdia suntsitu zuen.

Teseo

Atenasko errege mitikoa zen, eta Minotauroa hiltzeagatik egin zen ospetsu.

Trajano

Dinastia Antoninoko lehenengo enperadore erromatarra izan zen K.o. 98. urtetik 117. urtera. Italiatik kanpo jaiotako lehenengo enperadorea ere izan zen.

Triunbiratua

Oro har aliatuak diren hiru kidek osatutako gobernu-sistema da, eta Errepublikako azken urteetan erabili zuten. Lehenengoa Julio Zesarrek, Ponpeiok eta Krasok osatu zuten; eta bigarrena, Augustok, Marko Antoniok eta Lepidok.

Zagro Mendiak

Irakeko eta Irango mendikate luzeena da. Hain zuzen ere, 1.500 kilometroko luzera du, eta Irakeko Kurdistanen hasi eta Persiar Golkoko Ormuzeko itsasartean amaitzen da.

Zeus

Jainko greziar handiena zen, Olinpoko eta zeruetako erregea zen-eta.

Zikladikoa

Ziklade uharteekin dauka zerikusia. Artxipelago hori Egeo Itsasoaren erdi-erdian dago kokatuta.

Ziro Handia

Inperio Persiar Akemenidoa sortu zuen, Medoko nahiz Persiako herriek bat egin zutenean. Bere erregealdia K.a. 559. urtean hasi eta K.a. 530. urtean amaitu zen.

Zoroastrismoa

Zoroastroren erlijioarekin dauka zerikusia. Mazdeismoa ere esaten zioten, eta, bere ustetan, Ahura Mazda zen sortzaile bakarra.

Zoroastro

Zaratustra ere esaten zioten. Mahzdeismoko edo zoroastrismoko profeta nagusia izan zen.

Table of Contents