XVII. mendeaz geroztik, Italian gordetako artelan klasikoen bildumen ospearen hedatzeari behin betiko bultzada eman zitzaion. Orduan europar gazteak, batez ere britainiarrak, hezkuntza osatzeko Grand Tour izenaz ezagutzen zen ikasketa bidaia egiten hasi ziren.
Ibilbideak Europako zenbait herrialde barne hartzen zituen, baina batez ere Italian jartzen zuen arreta. Bertan antzinako eskultura bildumak bisitatzeaz gain, Erromako Frantziar Akademiari ere egin behar zitzaion bisita, non Europa osoan zegoen antzinako estatuen kopien bilduma ikusgarriena zegoen.
XVIIIan zehar, gero eta gazte gehiagok ordaindu ahal izan zuten bidaia kultural hau eta, apurka-apurka, emakumeak ere hasi ziren parte hartzen. Ohiko lekuak, hau da, Frantzia, Italia, Alemania eta Suitza bisitatzeaz gain, aurreko mendeetan kontutan hartu izan ez zen Grezia gehitu zitzaion ibilaldiari. Horrela, pixkanaka iraganeko aztarnak arte-ikerketetan eta antzinateari buruzko balorazioetan garrantzia hartzen hasi ziren.