Artearen Historiak erretratua Erroman sortu zela irakatsi digu. Hain zuzen ere, genero artistiko hau, erliebe historikoarekin batera, erromatar eskulturaren berrikuntza handienetako bat izan zen.
Errepublika garaian, patrizioen artean erretratua beren estatus soziala eta politikoa erakusteko modurik onena bilakatu zen. Irudikapenak izugarri objektiboak ziren, erretratatua zen pertsonaren hazpegiak fidelki adierazten ziren eta horrela zama psikologikoa begi bistakoa zen.
Inperio garaian, nolabaiteko idealizazioa inposatu zen, batez ere enperadorearen sendiaren erretratuetan. Hala ere, aurpegiak aro klasikoko greziar prototipoetan inspiratzen ziren arren, ez zitzaion norbanakoa definitzen zuten ezaugarriak irudikatzeari uko egin.