Errenazimentuan, Europa osoan, antzinate klasikoarenganako interesa handitu egin zen. Tratatu eta eskuliburuak ugaritzen hasi ziren, ez bakarrik arkitekturari buruzkoak, Grezian eta Erroman gertatu bezala, pintura-teknikei eta eskultura-prozedurei buruzko lanak ere gehiagotu egin ziren.
Formak kanonaren menpe jarri ziren eta, nahiz eta edertasun terminoaren zentzu zabalenean bilatzen jarraitu zen, ederraren eta onaren esanahi klasikoari lotuz, gero eta ahots gehiago ziren ekuazioan aldagai gehiago sartzearen aldekoak. Esan liteke, azkenean, Errenazimentuan teoria estetikoa diziplina independiente bezala ezarri zela.
Filosofia eta arte klasikoak dira, noski, teoria berritu hauek sustatzen dituzten motoreak. XV eta XVI mendeetan aurkikuntza arkeologikoenganako interesa handitu zen, batez ere Erroman agertzen hasiak ziren eskulturengankoa, zeinak italiar familia garrantzitsuenen bildumetan amaitzen zuten.