Eskultura grekoan giza gorputzaren irudikapena funtsezko gaia da. Nahiz eta garapen artistikoaren garai zaharrenetan irudi eskematizatuek eta arketipikoek definitu zuten, artearen eta filosofiaren garapenarekin batera, edertasuna sortzeko modeloak Naturaren behaketan bilatzen hasi ziren.
Natura bera da printzipio gidaria, edertasun ororen sortzailea. Berak ezartzen ditu guztiz harmoniatsua dena eratzeko gai diren proportzio zuzenak. Pitagorasen eskolak ideia hauek zenbakien bidez adierazi zituen eta eskultoreek teoria hauek erabili zituzten gorputz perfektua, hau da, kanona, irudikatzea ahalbidetuko zuten arauak garatzeko.
Garai eta estilo bakoitzak, proportzioak eta edertasun-eredua momentuaren eta mundua ulertzeko moduaren arabera egokituko ditu. Horrela izanik, eskulturaren alorrean garrantzitsuenak izan ziren bi greziar teoriko handiak oinarritzat hartuz, Polikletoren simetrikoki orekatutako figuretatik (τεταγωvos), K.a. IV.mendean Lisiporen erakargarritasun bakun eta lirainera aldaketa egingo da.